Ekimena Gipuzkoan
Aurkezpena
Sinopsia

PROFILA
Bultzadaren indarra
Akuiluak
Gaitasunak .
Univertsitate bultzatzaileak.
Berrikuntza ezaugarri gisa.

SARBIDEA
Ingurune kulturalaren argi-ilunak .
Eureka .
Aukerarik onena .

FINANTZAK
Estrategiak
Bideragarriak batez ere .
Atxikipenei aurre egitea .
Kezkak.

ERAKUNDE-ESPARRUA
Oztopoak eta itunak .

ORIENTABIDEAK
Aholkuak onartzea

Gipuzkoak urteak daramatza bere burua prestatzen berrikuntzaren eta jakintzaren bidez mundu globalizatu eta guztiz lehiakorrari aurre egiteko.

Berrikuntza eta jakintza horiek ingurune egokia behar dute proiektu aberasgarri berriak etengabe sor daitezen. Alegia, ezinbestekoa da enpresa-espiritua deitu izan duguna, bera baita motore nagusia edozein aldaketa ekonomiko edo sozial gauzatzeko.

Enpresa-garapen berriak asmatu, bultzatu eta kudeatzea zeregin konplexua da, baina pozgarria aldi berean. Eta giro aproposa behar da asmo horiek modu naturalean aurrera egin dezaten.

Ekintzailea izateko premiazkoak dira izaera berezia, borondatea eta ingurunearekiko konpromisoa; baina, batez ere, norberak prest egon behar du bizitza osoan iraungo duen ikasketa-prozesu etengabea bere gain hartzeko. Horretarako, berariazko jarduerak antolatu behar dira, gaitasun- eta jarrera-multzo konplexua dutenak beren baitan. Eta haien bitartez aukera ematen zaie pertsonei ingurune aldakorrari modu sortzaile batean aurre egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzarako Departamentuak konpromiso pertsonala eta instituzionala hartu du pertsona ekintzaileekin —eta Europar Batasunak, horretaz jabeturik, hainbat jardueraren finantziazioan parte hartzea erabaki du —. Konpromiso hori hiru esparrutara bideratu da: hezkuntza-sistema, ibilbide profesional luzea duten pertsona ekintzaileak eta gizartea bera.

Gaur, lehen argitalpen honekin, gida moduko bat eskaini nahi dugu, egiazko gertakarietan oinarritua. Izan ere, lan honetan ekimen-prozesu hau gauzatzen ari diren pertsonek zehatz-mehatz azaltzen dituzte beren esperientziak, beren arrakastak eta porrotak, beren zalantzak eta ziurtasunak.

Ez daukat zalantzarik material ona dela gogoeta egin eta ikasteko, eta erreferentzia bihurtuko dela ekintzailetza eta berrikuntza gizarte osora zabal daitezen.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuak apustu sendoa egin du enpresen ideia berriak indartu eta ideia horiek gauzatzen dituzten pertsonei laguntza ematearen alde. Horretarako, Foru Aldundiak hainbat ekimen abiarazi ditu ekintzaile-talde batekin elkarlanean, esperientzia horiek erreferentzia izan daitezkeelakoan beste pertsona batzuentzat ere. Egitasmo honi bi izen eman izan zaizkio: “Gipuzkoako ekintzaileak” eta “Berrikuntza eta ekintzailetza Gipuzkoan”.

Programaren hasieran, elkarrizketa egin zitzaien hamabi ekintzaile-talderi, beren eskarmentuari buruz hitz egin zezaten hiru hedabidetan (Internet, pentsa eta telebista). Argitaratu zen materiala ikerlan honetan aztertu du talde hautatu horietako batek: Farapi, aholkularia gizarte-antropologia aplikatuan. Ikerlan honek izaera kualitatiboa du; izan ere, ekintzaileen diskurtsoetan agertu diren ideia, emozio, bizipen eta gogoetetan oinarriturik dago. Gainera, informazioa egiaztatzeko, beste ikerlan batzuk aztertu dira, bi hauek batez ere: Iñazio Irizarren1 El reto de ser emprendedor eta “Regional Entrepreneurship Monitor (REM) Euskal Autonomia Erkidegoa 2004” izeneko txosten exekutiboa2.

Azterlan honek zehaztu nahi izan du, alde batetik, nola interpretatzen eta balioesten dituzten pertsona horiek espiritu ekintzailea, eta bestetik, baldintza sozialek, ekonomikoek eta kulturalek nola bultzatzen edo oztopatzen duten jarrera ekintzailea.

Ekintzaileen ezaugarriei dagokienez, esan behar da unibertsitate-ikasketak egin eta enpresa berriztatzaileak sortu dituztela guztiek3. Kide gehienak 25 eta 45 urte bitartean dabiltza, nahiz badagoen adin hori gainditzen duenik ere4. Enpresa guztiak 2000. urteaz geroztik jaio diren arren, haietako batzuk enpresa berriak dira, eta beste batzuk, berriz, enpresa sendotuak5. Amaitzeko, aipatu behar da enpresa gehienak taldean sortuak direla, baina badira sustatzaile bakar baten ekimena direnak ere.

Halaber, “REM EAE 2004” txostenak aditzera ematen dituen datuak kontuan harturik, esan daiteke enpresa-talde hautatuak hiru ezaugarri hauek egiaztatzen dituela. Bat: batez beste, euskal ekintzaileen % 80k metropoli-zonaldea hautatzen du bere negozioari hasiera emateko (64. or.); haietako bederatzik Donostian dute egoitza, eta gainerakoek Oiartzunen, Usurbilen eta Oñatin. Bi: ekintzaileek sortutako enpresak, oro har, zerbitzu-sektorearen barruan kokatzen dira (65. or.). Eta hiru: ekintzaile gehienek berenaz gainera beste hainbat lanpostu ere sortzen dituzte, baina kopuru orokorra neurritsua da (27. or.).

Hona hemen aipatutako ekintzaileek sortu dituzten enpresak:

Datalogger

Enpresa honek ekipo elektronikoak diseinatu eta ekoizten ditu datuak jaso, erregistratu eta igortzeko. Tresna hauek erabilera ugari dituzte, esate baterako, automatikoki jaso dezakete ur-biltegi baten egoeraren inguruko informazioa (likidoaren bolumena, tenperatura, pHaren maila) eta ondoren kontrol-zentro batera igorri. Datalogger IT 2001ean sortu zen, hiru talde hauen ahalegin bateratuari esker: Maser enpresa gipuzkoarra, Farell enpresa kataluniarra eta Tekniker teknologi zentroa.

Diana Teknologia

Diana Teknologiak software berriak garatzen ditu informazioaren gestiorako eta komunikaziorako. Sortu berri duen programa batek aukera ematen du seguritate-kopiak egiteko urruneko zerbitzari batean, eta horretarako nahikoa da artxibo baten aurreko bertsioaren gainean egin diren aldaketak soilik bidaltzea Internet bidez. Enpresa honen beste ekoizpen batek sistema bat dauka sarean informazioa bilatu, aztertu eta edukiaren arabera sailkatzeko.

Dro

Enpresa honek teknologia garatzen du jatorri biologikoa duten substantzia terapeutikoak ekoizteko. Bezero ugari ditu: hainbat enpresa, farmazia-laborategiak eta unibertsitateko ikerketa-taldeak. Izan ere, zentro horietan premiazkoa duten molekula ezagutzen badute ere ez dira gai molekula hori behar den kantitate eta kalitatean ekoizteko.

Eleka

Eleka enpresa hizkuntz teknologian espezializaturik dago. Produktu asko ekoizten ditu: testu-zuzentzaileak, itzultzaileentzako erreminta lagungarriak, multimediako edukiak katalogatu eta bilatzeko programak eta monitoretza teknologikorako softwareak. Gaur egun, proiektu bat zuzentzen ari da itzulpen automatikoak egiteko aukera emango duena gaztelaniatik euskarara, katalunierara eta galegora. Bi talderen ekimenaz sortu zen: Elhuyar Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitateko IXA Taldea.

Farapi

Enpresa hau aditua da gizarte-antropologia aplikatuan. Ikerketa etnografiko kualitatiboak egiten ditu. Ikerlan horien helburua errealitate soziokultural jakin bat ulertzea da, eta bezeroari aukera eskaintzea errealitate horretan eraginkortasunez esku har dezan gizarte-politikak zein enpresa-estrategiak erabiliz.

Incide

Incidek neurrira egindako txipak diseinatzen ditu. Hari gabeko teknologietan eta telefonia mugikorrean espezializaturik dago, eta serie txikiak ekoizten ditu. Simulazio informatikoa eta mikrozirkuituen planoak gauzatzen ditu. Ondoren, behin prototipoa ekoizturik dagoela, probatu egiten dute serieko produkzioa bideratu baino lehen.

Innovae Visión

Innovae Vision enpresak ikuspen artifizialaren teknologian oinarritutako aplikazioak diseinatu eta garatzen ditu. Haren produktu gehienak zientzia- eta kultura-zabalkundean diharduten inguruneetan erabiltzen dira, batik bat zientzia-museoetan. Baina aplika daitezke beste esparru batzuetan ere, esate baterako ingurune adimenduetan, seguritatean, gizarte-teknologian eta industrian.

Iriscom

Iriscomek sistema informatiko berria garatu du. Hari esker, urritasun larria duten pertsonek ordenagailua erabil dezakete begiaren mugimendu hutsarekin. Sistema hau pantailan agertzen den teklatu batekin konbinatuz gero, erabiltzaileak aukera dauka testuaren edo ahotsaren bitartez komunikatzeko; eta sistema domotiko batekin lotuz gero, berriz, etxe batean gehien erabiltzen diren aparatu elektronikoak kontrola ditzake.

S21sec

S21sec enpresak zerbitzuak diseinatu eta ezartzen ditu bere bezeroen sistema informatikoak babesteko. Bezero ugari ditu: estatuko finantza-sektorearen % 80, Euskadiko zein Estatu espainoleko administrazio publikoaren atal handi bat, telekomunikazio-konpainia gehienak, osasun-arloaren zati garrantzitsu bat, merkataritza elektronikoaren konpainietako asko, Espainiako aireko linearik handienak eta garraio eta logistikako beste enpresa batzuk. Gainera, S21sec-ek badu enpresa filial bat lege-arloko informatika lantzen duena.

The Movie Virtual

Enpresa hau bi negozio-arlotan dabil. Batetik, birsortze-lanak egiten ditu errealitate birtualeko teknologiak erabiliz, Interneterako zein CD edo DVDrako. Bestetik, web-orri aurreratuak diseinatzen ditu, enpresei laguntza handia eskaintzen dietenak merkataritza-kudeaketan, kateko salmentan eta Interneteko edukien administrazioan.

Todomaletas.com

Todomaletas.com bidai produktuetan eta modako osagarrietan espezializaturik dagoen lineako denda da. Unibertsitate-ikasketak dituen ekintzaile-talde baten ekimenaz sortu zen, eta arlo horretan tradizioa duten bi denda-talderen laguntza jaso du hasieratik.

ZuriZuri

ZuriZuri enpresaren sortzaileek, beren ibilbidearen hasieran, tindategi bat zabaldu zuten; baina laster jabetu ziren bazegoela esparru berri bat merkatuan: garbitegi industriala. Harrezkero, arropa zikina jasotzen dute lantoki eta tailerretan eta garbi itzultzen diete. Erabiltzen duten sistema berriztatzaileari esker, bizkor eskura ditzake langile bakoitzak bere arropa guztiak.

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu jarduera ekintzaileari dagozkion datu asko eta asko ez direla jaso txosten honetan; izan ere, ez dira aipatu argitaratutako elkarrizketetan. Esate baterako, ez dugu daturik ematen enpresek inbertitu duten hasierako kapitalari buruz, eta aztertu gabe geratu da orobat familiak zenbateko eragina duen espiritu ekintzailean. Baina, batez ere, generoari dagokion ikuspuntua falta da. Gizonezko eta emakumezkoen jarduera ekintzaileak alderdi ezberdinei aurre egin behar die, eta handiagoak dira emakumezkoek gainditu behar izaten dituzten oztopoak. Horregatik, edozein gobernuk interesa baldin badu ekonomia-oparotasuna sustatzeko, ahalegin berezia egin beharko luke bere lurraldeko emakumeen ekimena bultzatze aldera. Are gehiago, kontuan hartzen badugu “REM EAE 2004” txostenak dioena: “Emakumearen jarduera ekintzaileak gainditu behar dituen trabak, gizonezkoekin alderaturik, askoz ere handiagoak dira EAEn beste herrialde batzuetan baino, eta pixka bat handiagoak Espainian baino” (REM, 26. or.).

Elkarrizketetan jaso diren hitzak kontuan harturik, garbi geratzen da ilusioa, anbizioa eta erronkak gainditzeko ahalegina ezinbestekoak direla jarrera ekintzailea indartzeko. Halaber, gehienek aipatu dituzte bultzada, ausardia eta eskakizunak aurreikusteko nolabaiteko etorkizun-sena. Baina, batez ere, pertsona hauek erabat murgilduta daude hautatu duten jardueraren garapenean, horretara bultzatzen dituzten arrazoiak ezberdinak badira ere. Izan ere, batzuen motibazioa altruista da eta besteen ongizatea bilatzen dute gehienbat; beste batzuk, berriz, beren onerako ari dira, estatus ekonomiko hobea zein gizartearen esker ona lortu nahian.

Aurrerago esan denez, pertsona ekintzaile hauek guztiek unibertsitate-ikasketak dituzte eta gai sentitzen dira beren enpresaren bitartez produktu bat kaleratu eta gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko. Ildo horretatik, agerian uzten dute unibertsitateak sortzen duen jakintza zientifiko eta teknologikoa gizartean eta negozioetan aplikatzeko modukoa dela. Dena dela, haietako askok aitortzen dute gabezia handiak dituztela enpresa-kudeaketari dagokionez, eta hainbat proposamen egiten dituzte gabezia horiek gainditzeko.


Enpresa hauek badute beste ezaugarri bat ere: berrikuntza. Badakite ekimen berriztatzaileak zeinen garrantzitsuak diren probintziaren garapen ekonomiko eta sozialerako, eta horregatik enpresa-eredu berri baten alde agertzen dira. Baina aitortzen dutenez, izugarri handiak dira I+G jarduerek esparru horretan gainditu behar izaten dituzten mugak eta eragozpenak, eta hainbat estrategia asmatzen dituzte hutsune horiei aurre egiteko.

Zonalde honetan enpresa-tradizio handia dago, eta pentsa daiteke egoera hori lagungarria dela ekimen berriztatzaileak bideratu eta belaunaldi-errelebua egiteko enpresetan. Baina, ekintzaile hauek ikusten dutenaren arabera, besteren kontura lan egiteak eta funtzionarioen lanpostuen seguritateak sustrai sakonak dituzte gaur egun. Eta horrek ez dio batere mesederik egiten espiritu ekintzaileari, are gehiago kontuan hartzen badugu gizarteak nola zigortzen duen enpresaren porrota.

Pertsona hauek oso ondo ezagutzen dute produktu zein zerbitzu berriztatzaile baten prozesua eta gainera prestakuntza handia dute. Horregatik, agian, beren enpresa propioa sortu dute negozio-aukera paregabea ikusi dutelako eta ez lanpostu hoberik aurkitu ez dutelako.

Enpresa abiarazteko finantziazioari dagokionez, kapital informala erabili dute gehienbat, eta horri, kasu batzuetan, instituzioen laguntzak, sariak eta bankuen maileguak gehitu dizkiote. Gehienek adierazten dute arrisku-kapitala apenas dagoela garatua eta horrek eragotzi egiten duela beren enpresen hazkundea. Hala, modu bakarra dute aurrera egiteko: bezero-kopurua handitzea; garrantzi handia ematen diote guztiek alderdi horri. Izugarri balioesten dute merkatura egokitzeko malgutasuna, eta jakinarazten dute produktu eta zerbitzu ekintzaileek bi arazo nagusi gainditu behar dituztela: sendotze-prozesuak laburrak izan ohi dira, eta traba handiak dituzte balizko bezeroengana iristeko. Horregatik, oso positibotzat jotzen dute instituzio publikoetatik etor litekeen edozein laguntza (diru-laguntzak, azpiegiturak, prestakuntza enpresa-kudeaketan, eta abar). Baina biziki eskertuko lukete burokrazia gutxitzea eta, batez ere, aukera ematea laguntza horien inguruko informazioa errazago eskuratzeko.

Emprendizaje innovador en Gipuzkoa

Ekintzaileek ezaugarri propioak dituzte. Enpresa-abentura honetan aurrera egiteko indarra nondik hartzen duten jakite aldera, haien hitzak aztertu baino ez dago, eta garbi ikusten da gaitasun eta jarrera berberak dituztela guztiek. Gainera, nabarmena da balore sozial eta kulturalen gainean eraiki dutela beren gaitasun ekintzailea. Eta, batez ere, begien bistakoa da pertsona hauek energia eta ausardia daukatela ametsetan sinistu eta haiei irtenbide arrakastatsua emateko.

Bultzadaren indarra

Begiratu batean, azpimarragarria da pertsona hauek proiektu berria gauzatzeko erakusten duten ilusioa. Hitz hori behin eta berriz agertzen da haien diskurtsoetan. Ilusioa, egunez egun berriztatua, ezinbesteko zutabea da ahaleginari eusteko, nahiz eta askotan kosta egiten zaien aurrera egitea. Hala dio Dro enpresaren bazkide sortzaileetako batek:

Aldi berean, jarduera ekintzaileak erronkak gainditzeko nahia dakar berekin. Hobetzeko eta egunean egoteko gogo bizia. Hala adierazi digu Innovae enpresaren kide batek.

Ahalegina eta zerbait garrantzitsua egiteko anbizioa loturik daude pertsona hauengan: merkatuaren liderrak izan nahi dute, erreferentzia edo eredu munduarentzat. Enpresa askok aipatu dute lidergorako itxaropena. Enpresa gazteak dira, etorkizunari begira lan egiten dute eta urte gutxiko eskarmentua dute. Badakite lanerako gogoa, irmotasuna eta ardura edukiz gero, arrakasta lortuko dutela. Elkarrizketaturiko enpresen artean S21sec da antzinatasun handiena duena, eta garbi islatzen da ibilbide hori haren hitzetan:

Bide hau izugarri neketsua litzateke ilusiorik eta anbiziorik gabe. Hala jakinarazi digu Elhuyar Fundazioaren ekimenez Eleka enpresa abiarazi zuen pertsonak (ekimen propioa izan ez zenez, ez du bere burua ohiko ekintzailetzat hartzen):

Akuiluak

Askotan ilusioa eta erronkak onartu eta eragozpenak gainditzeko gaitasuna enpresa sortu berriaren helburuak berak ekartzen ditu. Helburua altruista izan daiteke, besteren ongizatea eta abantailak bilatzen direnean. Hori da Iriscom enpresaren kasua:

Beste batzuetan, sortutako produktua edo eskainitako zerbitzua besteei onuragarri gertatzea bilatzen da, eta hori oso pozgarria gertatzen zaio enpresari. Hala adierazi digu informazioa Interneten bilatzeko hizkuntzaren prozesamendurako produktuak ekoizten dituen Diana Teknologia enpresak:


Zenbaitetan, ekintzaileak jabetzen dira gizarteak ez duela baliatzen beren gaitasun zientifikoa, eta horrek bultzatzen ditu enpresa sortzera. Esan daiteke hori izan zela Farapiren kasua:


Baina helburua egon daiteke taldeari edo pertsona ekintzaile bati bideratua ere. Kasu horretan, gizartearen onespena bilatzen da aurrera begira, horrek aldaketa nabarmena ekarriko duelakoan bai estatus profesionalean, bai estatus sozialean, edo maila ekonomikoan. Hona hemen zer dioen hizkuntz teknologiaren ingeniaritzan diharduen Eleka enpresak:

Harrigarria bada ere, aurreiritzi orokorraren arabera enpresak motibazio ekonomikoak bultzaturik sortzen baitira beti, enpresa hauen kasuan motibazio hori ez da beste esparruetan bezain ohikoa. Seguruenik, ekintzaileek beren ustez maila profesional bera dutenen soldata jaso nahiko dute, baina elkarrizketetan ez du inork aipatu gai hori. Haien iritziz, dirua irabaztea ondo egindako lanaren zein beste helburu garrantzitsuago batzuen ondorioa da. Hona hemen zer dioen The Movie enpresaren bazkide sortzaileetako batek gai honen inguruan:

Gaitasunak

Ekintzailea izateko gaitasun jakin batzuk eduki behar dira, bizitzan zehar gara daitezkeenak. Atal honetan aztertzen dugu zer ezaugarri izan behar dituzten pertsona eta profesional gisa enpresa bat sortzeko erabakia hartu dutenek. Baina gaitasun horietako batzuk baizik ez ditugu aipatuko, elkarrizketetan esandako hitzetatik zuzenean ondoriozta daitezkeenak soilik. Beste zenbait ezaugarri zeharka ondoriozta daitezke, esate baterako pertsonak ezbeharrei aurre egiteko daukan espiritua zein porrot partzialak gainditzeko ahalmena. Baina diskurtsoetan datu zehatzak falta dira azken gaitasun horiei buruz hitz egiteko.

Zalantzarik gabe baiezta dezakegu pertsona sustatzaile hauek badituztela ezaupide batzuk etorkizun-sena ematen dietenak, eta horri esker gai dira oraindik formulatu ez diren premiak edo eskakizunak ikusi eta epe laburrean erabilgarri gerta daitezkeen zerbitzuei edo produktuei antzemateko. Kasu batzuetan, jadanik gogotik ari dira etorkizuneko teknologiak eta oinarrizko produktuak lantzen. Beste batzuetan, berriz, enpresaren sorrerak iragarri-edo egin du geroko joera nagusia. Hala gertatu zen S21sec enpresaren kasuan. Talde honek segurtasun telematikoaren zerbitzuak diseinatu eta ezartzen ditu sistema informatikoak babesteko. Hona zer dioen bere sorrerari buruz 2000. urtean:

Ekintzailea izateko ez da nahikoa etorkizunari begiratzea, eboluzio bat aurreikustea eta, azken batean, pentsamendu estrategikoa edukitzea. Horietaz gainera, bultzada behar da, proiektuak aurrera eraman eta arazoak modu sortzailean konpontzeko. Dro enpresaren sortzaileak horrela adierazten du:


Kezka intelektuala edukitzea ideia bat ustiatzeko eta gabezia bati zein etorkizuna duen negozioari antzemateko. Hau da Todomaletas.com enpresaren ikuspuntua:

Eta horretarako, ausardia beharrezkoa da, arriskua onartzea, zain ez geratzea ezagupen zein datu guztiak noiz edukiko. Ekintzaile hauek guztiek badute kemen hori.


Unibertsitate bultzatzaileak

Ikasketa-maila ez da erabakigarria ekintzaile izateko behar den adorea edukitzeko. Aurrerago azaldu dugunez, hori baino garrantzitsuagoak dira bizitzan zehar garatzen diren gaitasun batzuk. Dena dela, elkarrizketatu diren enpresa guztiak unibertsitarioek sortu dituzte: lizentziadunak, doktoreak eta diplomadunak. Ekintzaile hauek hautatu dituzten unibertsitate-karrerak kontuan harturik, garbi ikusten da oso ikuspuntu zabala dutela zientziari, teknologiari zein berrikuntzari dagokienez. Izan ere, askotan, kontzeptu horiek oso loturik egon dira, oker egia esan, ezagupen zientifiko eta teknologiko jakin batzuekin. Hauek dira gure ekintzaileek ikasi dituzten karrerak: Ingeniaritza, Informatika, Enpresa-ikasketak, Ekonomia edo Farmazia, baita Antropologia Soziokulturala ere.

Askotan, erakunde hauen arrakastaren gakoa beren langileek profil profesional askotarikoa izatea da: zientzia-jakintzaren adar asko ezagutzen dituzte edo espezialista aurreratuak dira teknika jakin batzuetan.

Hauek oso profesional onak dira lan berezitua egiteko, bikain prestaturiko pertsonak eta trebetasun handiak dituzten doktoreak eta lizentziatuak. Ez da erraza enpresa batentzat sorrera-unean halako pertsonak bilatu eta enpresa barruan lan egin dezaten konbentzitzea. Haietako batzuek, Incide esate baterako, hitzarmena sinatu dute Teknologia Zentroekin zein Unibertsitatearekin. Beste enpresa batzuek, berriz, Diana Teknologia kasu, arreta berezia jartzen dute beren langileak motibatuak egon daitezen eta taldeak behar bezala funtziona dezan.

Pertsona ekintzaile hauek adierazi dutenez, Enpresa- eta Ekonomia-ikasketak egin dituztenak albo batera utzirik, formazio egokia dute nork bere espezialitatean, baita konfiantza ere beren gaitasunean eta balore profesionaletan. Baina gabezia handiak omen dituzte enpresa-kudeaketan: ez dituzte ezagutzen kudeaketarekin zerikusia duten alderdietako asko, hala nola, kontabilitatea, burokrazia, gai laboral eta fiskalak eta marketinga, besteak beste. Farapi da horren adibide argia, beste hainbaten artean; izan ere, “Enpresa Berriztatzaileen Sorrera eta Kudeaketa” ikastaroa egin behar izan zuen bere formazioa osatzeko.

Gehienek azpimarratzen dute hiru laguntza hauei esker eboluzionatzen joan direla pixkanaka-pixkanaka eta beren lehen arrakastak lortu dituztela: zenbait erakunderen aholkularitza, enpresa-formazioaren inguruko hainbat ikastaro eta norberaren eskarmentua. Baina egin dituzten ikasketetan formazio falta sumatu dute ekintzailetza erraztu, bultzatu, zabaldu eta indartzeko. Eta aitortzen dute abantaila handia litzatekeela horren berri edukitzea enpresa sortu aurretik. Hona bioteknologia-produktuak ekoizten dituen Dro enpresaren hitzak:

Gabezia horri irtenbidea emateko asmoz, enpresa-kudeaketaren inguruko ikastaroak egiteaz gainera, elkarren osagarriak diren bi erakunde edo gehiagoren arteko batasuna edo sinergia baliatu da enpresa hauetako batzuk sortzeko. Hala jokatu dute Todomaletas.com, Datalogger eta Eleka enpresek. Elekak eman digu bere sorreraren berri:

Berrikuntza ezaugarri gisa

Elkarrizketa egindako enpresa guztiak berriztatzaileak dira, eta oinarri teknologikoa eta berriztatzailea duten produktuak, zerbitzuak edo prozesuak burutu dituzte. Garbitegi industrialaren arloan diharduen ZuriZuri enpresa da haietako bat:

Pertsona ekintzaile hauentzat oso garrantzitsua da probintzian dauden gaitasunak baliatzea azpiegitura zientifiko-teknologikoari dagokionez. Eta hala ekarpen bat egiten diote garapen ekonomiko eta sozialari. Hona hemen, adibide gisa, Datalogger enpresak dioena:

Enpresa hauek, halaber, I+G prozesu intentsiboak garatzen dituzte. Enpresa barruan sortzen dituzte proiektu berriztatzaileak eta garapen teknologikoan oinarrituak, eta horrek aukera ematen die produktu eta prozesu berriak ekoiztu eta lehendik daudenak hobetzeko. Beraz, garrantzia ematen diote guztiek enpresa barruko I+G ereduari. Mikrotxipak ekoizten dituen Incide enpresa hartu dugu ideia horren bozeramailetzat:

Pertsona ekintzaileek, ideia berriztatzaile propioak bideratzeko, administrazio publikoek I+G+B proiektuei emandako laguntza guztiak eskatzen dituzte. Baina, batez ere, proiektu horien finantziazioari arreta berezia eskaintzen diote enpresa barruko ekonomi kudeaketa antolatzeko garaian, irabazien zati bat horretan inbertitzen baitute. Eta hala, jarrai dezakete beren ahalegin berriztatzailea garatzen. Hala jokatzen du, besteak beste, S21sec enpresak:


Ahalegin berriztatzaile horrek abantaila handiak ditu, baina oso enpresa gutxi dira probintzian halako proiektuak gauza ditzaketenak. Enpresek oztopo ugari dituzte zientziaren eta teknologiaren transferentzian, finantziazioa beste askoren artean. Datalogger enpresak ematen digu horren berri:

Bestalde, enpresa txiki hauen ikerkuntza oso sektoriala da, ezinbestean. Oso gai zehatzak berritzeko ari dira lanean, eta hori eragozpen handia da teknologi zentroekin lehiatzeko. Izan ere, zentro horietan ikerkuntzaren eta garapenaren esparru askotan dihardute, eta ondorioz, haiek eskuratzen dituzte diru-laguntza gehienak. Hona zer dioen gai honen inguruan S21sec enpresak:

Eta horregatik, beharbada, eskatzen du gaur eguneko laguntza-programak berrikus daitezen:

Labur esanda, denek nabarmentzen dute oso garrantzitsua dela teknologiaren eta I+G ereduaren transferentzia bultzatzea. Eta horretarako, indartu behar dira unibertsitatearen, teknologi zentroen eta enpresen arteko harremanak, guztiak ari baitira nola edo hala ahalegin horretan. Bada eskaera bat behin eta berriz errepikatzen dena: ezagueraren eta enpresaren esparruen arteko komunikazio-bideak gehiago zabaltzea. Izan ere, hala jokatuz gero, urrats handia emango da merkatuak dituen premiak unibertsitateetara eta ikerkuntza-taldeetara hurbiltzeko. Oraingoan ere S21sec enpresaren hitzak aukeratu ditugu beste enpresa askok adierazi duten ideiaren berri emateko, besteak beste Incide, Farapi eta ZuriZuri.

Eta, amaitzeko, aztertutako enpresek ekimenak eskatzen dituzte unibertsitatearen babesean sortu diren spin-off izeneko konpainiei laguntza emateko. Innovae Visión, Eleka eta Farapi dira haietako batzuk, eta oinarrizkotzat jotzen dute gizartean daukaten presentzia indartzea.

Ingurune kulturalaren argi-ilunak

Eskualdeen garapenean lortzen diren emaitzak egitura-baldintzen eta enpresak sortzeko sustapenera bideratzen diren baloreen araberakoak izaten dira. Eta bada faktore-multzo bat eragin handia izaten duena emaitza horietan: kultura deitu ohi duguna, hau da, hainbat balore, idatzi gabe daudenak baina gizarte osoak konpartitzen dituenak eta azken batean erabat baldintzatzen dutenak talde jakin baten jokabidea.

Ilunak

Enpresa hauek berriztatzaileak dira, eta ezaugarri horrek lan egiten duten gizartearen aurretik jartzen ditu. Enpresen produktuak edo zerbitzuak arruntak izan daitezke garapen ekonomiko handiagoa duten gizarteetan, baina beren ingurunean ezezagunak dira edo ez daude normalizaturik. Konpainia hauek sortu dituzten ekintzaileek ingurunearen ulertu ezinak eta zailtasunak topatzen dituzte beren jarduera ezagutzera emateko. Halaber, proiektuetan kolaboratzen duten langileek ere arazoak izaten dituzte maiz jarduera horretara egokitzeko; izan ere, lanean teknologia berriak erabiltzeak aldaketa kulturala dakar berekin. Ondorioz, eskaintza hasiberriak eta eskaera urriak baldintza kaltegarriak sortzen dituzte ekimen berriztatzaileak abiaraztezko. Hona hemen zer dioen The Movie Virtual-ek bere zerbitzuak erabil ditzaketen enpresei buruz:

Eta baliteke egoera hori bera izatea proiektuak balioetsi ditzaketenengan eszeptizismoa eragiten duena. Inguruan konfiantza urria hautematen dutenez, nekeza zaie urrats handiak ematea eta laguntza oparoak jasotzea; eta beraz, pixkanaka-pixkanaka haztera beharturik daude eta laguntza txikiak jasotzen dituzte. Eta horri gehitu behar zaio ingurunearen kulturak zigortu egiten duela enpresen porrota eta ez diola bide ematen ekintzailetzari. Hala dio Incide-k:

Amaitzeko, bada beste faktore kultural bat pertsona ekintzaile hauen iritziz ekintzailetza eragozten duena: gehiegi baloratzen da funtzionarioa izatea, pertsona gehienek lanpostu erosoak bilatzen dituzte, inolako erantzukizunik eskatzen ez dutenak, eta horren ondorioz oso jende gutxi dago prest arriskatu eta ekimenak bideratzeko.

Argiak

Gipuzkoan, enpresa-tradizio handia dago. Eta horrek industria kementsua dakar berekin; motore indartsu hori lagungarri gertatzen baita enpresa berriak sortzeko orduan. Gizarteak ere enpresak sortzearen aldeko jarrera erakusten du. Gainera, baliabide ugari ditugu, bai giza baliabideak bai ekonomikoak, enpresa-ekimenak bultzatzeko. Eta egoera hori ingurune atsegina da ekintzailea izateko. Hala adierazi dute Innovae Visión eta S21sec enpresek:

Baina, batez ere, Gipuzkoan gazte sustatzaileen belaunaldi berri bat dago, gure herrian betidanik existitu den enpresa-moldea ordezkatzen ari dena teknologia berriei eta berrikuntzari esker. Hori azpimarratu du Todomaletas.com enpresaren bazkide sortzaileetako batek:

Eureka

Aukerak bultzatutako ekintzaileak dira negozio-aukera baten ustiapenak enpresa bat sortzera eraman dituen pertsonak. Esan daiteke elkarrizketatutako ia ekintzaile gehienek hautemandako aukera bat baliatzeko sortu zituztela beren enpresak.

Enpresa horietako batzuentzat errazagoa izan da merkatura heltzea; izan ere, puntako ezagupenak dituzte zientzia edo teknologia jakin bati buruz eta beraz gai dira merkatuan zerbait hobea eskaintzeko. Biomolekulak ekoizten dituen Dro enpresak hala dio:

Zenbaitetan, merkatua eta balizko bezeroak zehatz-mehatz ezagutzea da enpresa balio erantsia duen zerbitzua diseinatzera eramaten duena, balio hori ezinbestekoa baita edozein produktu ustiatzeko. Iriscom enpresaren bazkide batek bere emaztea zaindu zuen, alboko esklerosi amiotrofikoak jota baitzegoen. Eta horrek aukera eman zion benetako premiak ikusi eta zerbitzu egokia definitzeko.


Beste pertsona ekintzaile batzuk aukeraz jabetzen dira erantzunik eman ez zaion eskaera bat aurkitzen dutenean. Egia esan, aukera guztiak defini daitezke erantzunik eman ez zaion eskaera gisa, baina kasu batzuetan premia handiagoa da. Hala gertatu zitzaion Incide enpresari, besteak beste:

Produktu eta zerbitzu berriztatzaileek traba handiak aurkitzen dituzte merkatura sartzeko orduan —gai horretaz hurrengo atalean hitz egingo dugu—, eta erantzunik gabeko eskaera hori egotea abantaila handia da. Hona hemen zer dioen Dro enpresaren bazkide sortzaileak:

Erantzunik eman ez zaion eskaeraren beste adibide bat da egiaztatzea badagoela betebehar bat inork betetzen ez duena. Betebehar horri irtenbidea eman nahi izateak bultza dezake enpresa bat sortzea. Hala gertatu zitzaion ZuriZuri enpresari, jabetu baitzen jende askok eskatzen zuela familiaren jatetxeko garbitegi industriala erabili ahal izatea.

Aukerarik onena

Badira premiak bultzatutako ekintzaileak ere, hau da, enpresa bat sortzen dutenak irtenbide hoberik ez dutelako edo lanik gabe daudelako. Lan honetako parte-hartzaileen artean bi baino ez dira premiak bultzaturik ekimena bideratu dutenak, eta haientzat enpresa sortzea zen irtenbiderik onena. Arrazoi askorengatik. Batzuk ez zeuden gustura aldez aurretik zuten egoerarekin. Beste batzuek beren helburuak markatzeko gogoa zuten. Eta badira unibertsitate-ikerkuntzatik datozen ekintzaileak ere: ikerkuntza-bekadunek etorkizun profesional zalantzagarria ikusten dute aurrean eta aukera ikusten dute unibertsitatean lortutako jakintza komertzialki ustiatzeko, eta hala enpresa sortzea erabakitzen dute. Hona hemen zer dioen Farapik bere sorrerari buruz:


Enpresa bat sortzeak, gainera, inbertsioak egitea eta kostuak onartzea eskatzen du. Hasierako kapitala kopuru aldakorra da, baina elkarrizketaturiko ekintzaileek ez dute inolako daturik eman gai horren inguruan. Dena dela, denek aipatzen dituzte finantza-arazoak beren diskurtsoetan, eta ezaugarri berdinak erakusten dituzte hainbat arlotan: finantziazio-iturriak, azpiegituran eta I+G ereduan egindako inbertsioak, eta merkatuan sartzeko izan dituzten oztopoak.

Estrategiak

Pertsona ekintzaile ia guztiek arazoak topatzen dituzte hasiera batean proiektua finantzatzeko. Elkarrizketaturiko enpresek estrategia ugari erabili dituzte finantzabideak aurkitzeko: kapital informala, sariak, diru-laguntzak, bankuen maileguak, etekinak berriro inbertitzea, arrisku-kapitala… Haietako batzuk ohikoagoak dira, aurrerago ikusiko denez, beste batzuk baino.

Hasteko, kapital informala azpimarratu behar da; izan ere, pertsona ekintzaile hauek gehienek finantziazioa bilatzeko orduan nork bere baliabideak erabili ditu edo senideen adiskideen edo inguruko pertsonen laguntza jaso dute. Batzuetan ezinbesteko estrategia da hasieran, eta aurrerago lortzen dira bestelako inbertsio-fondoak ere (diru-laguntzak, maileguak, arrisku-kapitala…); eta beste batzuetan, berriz, gutxiengo batean egia esan, hasierako baliabideak nahikoak izaten dira enpresa martxan jartzeko.

Kapital informal horri zenbait enpresak (Toribio Etxeberria, Laborde, Kutxa…) beren negozio-planari emandako sariei esker jaso dituzten baliabideak gehitu izan dizkiote. Sari horiek, bide batez, hedabideetarako sarbidea ekarri diete eta, kasu batzuetan, beste inbertitzaile batzuen interesa edo erraztasun handiagoa beren proiektuari abala emateko.

Erakundeen laguntza da beste bide bat, hasierako kapitala zabaltzeko asko erabiltzen dena, bai diru-laguntzen bai programen bidez. Gure lurraldean badira programa batzuk pertsona ekintzaileak babesteko enpresaren sortze-prozesuan: Luzaro, Txekintek, Neotec, Txekin, Ekintzaile, Entreprenari… Ekintzaile hauek nahiko ongi ezagutzen dute baliabide hori eta maiz erabiltzen dute.

Beste finantzabide ohikoa bankuaren mailegua da. Aukera hori gutxi aipatu da elkarrizketetan, baina horrek ez du esan nahi ekintzaileek erabiltzen ez dutenik. Aurrezki-kutxetan eta bankuetan finantziazio-linea bereziak daude enpresentzat, eta sarritan elkarlanean jarduten dute erakundeekin ekintzailetza bultzatu eta ekintzaile gazteei baldintza onuragarriak eskaintzeko. Horrek pribilegiozko egoeran jartzen ditu, negozio berria sortu nahi duten pertsonek haiengana jo dezaten. Alabaina, The Movie-k baizik ez du gaia aipatu:

Zenbait enpresak beste estrategia-mota bat erabiltzen du: auto-finantzazioa, etekinak behin eta berriro inbertituz. Hala lortzen dute eskaintza zabaltzea edo produktu- edo zerbitzu-linea berri bat sortzea. The Movie enpresak aukera horren alde egin zuen, merkatuaren premiak hartaraturik:


Amaitzeko, arrisku-kapitala aipatu behar da. Eta ez finantzabide bideragarria delako, baizik eta arazo bat nabarmendu nahi dugulako. Enpresa asko kexu dira arrisku-kapitala oso urria delako Gipuzkoako ekintzailetzaren finantziazio-ahalmenean. Gabezia hori arazo larritzat jotzen da. Diana Teknologiak oso laguntza garrantzitsua jaso zuen Neotec programatik, eta Euskal Herriko Arrisku-Kapitalaren Baltzuak egindako ekarpenari esker martxan jarri zuen enpresa. Baina askok aldarrikatzen dute zeinen beharrekoa den mota honetako finantziazio-bidea. Hala dio Datalogger enpresaren bazkide sortzaileetako batek:

Are gehiago, gaur eguneko merkatuan; izan ere, etengabeko hobekuntzak eta balio erantsia bilatu nahi izateak inbertsio handiak eskatzen dituzte. Hona zer dioen Dro enpresak:

Datalogger-ek ere azpimarratzen du arazoa:

Bideragarriak batez ere

Proiektu ekintzaile batekin jarraitzeko, abantaila ukaezina da bezero bat gutxienez lortzea, horrek aukera ematen baitu hasierako gastuei aurre egin eta enpresa pixkanaka-pixkanaka finkatzen joateko. ZuriZuri bezero-kopuru txiki batekin hasi zen, eta horrek hiru abantaila nagusi ditu enpresa horretako bazkide fundatzaile baten iritziz:


Eginkizun komertzial hori, ezinbestekoa dena edozein motatako enpresarentzat, gabezia handia da enpresa ekintzaile askotan. Hutsetik hasi behar da, eta gainera, merkatu ezezagun bati zuzendu behar zaio produktua edo zerbitzua, eta horrek izugarri zailtzen du jarduera, eta galera ekonomikoak dakartza. Produktuaren edo zerbitzuaren merkaturatzea errazagoa da ekintzaileak enpresa-ikasketak izanez gero, baina enpresaren jarduera nagusia urrun baldin badago merkataritzatik, arazoak sortzen dira. Hala gertatu zitzaion Farapiri:

Hainbat pertsonak aipatu dute ikerkuntzaren “traba” hori. Izan ere, batetik, haien produktuak oso urrun daude merkatuaren premietatik; bestetik, enpresaren erritmoa ez dator bat negozioa errentagarri bihurtzeko markatu behar diren epeekin (aurrerago ikusiko denez); eta gainera, lortutako etekinek ez dute zerikusirik egindako ahaleginarekin. Farapik ematen digu berriro ere arazo honen berri:

Edozein modutan, enpresa guztiak saiatzen dira beren bideragarritasuna aurkitzen. Batzuetan, zenbait produkturi uko eginez eta proiektu bideragarrienetan kontzentratuz; beste batzuetan, merkatuaren tamaina txikituz; eta gehienetan, egoerara egokituz. Egokitzeko ahalmen hori, egoera aldakorretara egokitzeko eta oztopoak gainditzeko malgutasun hori funtsezkoa da enpresak konponduko baditu etorkizunean irauteko dituen arazoak. Enpresa hauetako askok guztiz aldatu behar izan dituzte hasierako helburuak, bizkor jabetu baitira ezinezkoa zaiela hasierako ideia bakarrik bultzatzea, oso berriztatzailea izanik ere. Bezeroek beste zerbitzu batzuk eska ditzakete. Hala gertatu zitzaion The Movie enpresari:

Iriscom-ek erabiltzailearen beharretara egokitu zituen produktuaren salmenta-baldintzak. Eta horren ondorioz, ekipoa instalatzeaz gainera, bestelako laguntza premiazko guztia ematen du: diru-laguntzaren eskaera bideratu, ekipoak probatzen utzi, ekipoak erabiltzen irakatsi…:



Atxikipenei aurre egitea


Negozio berriztatzaileak sortzen dituzten pertsona hauek oztopoak aurkitzen dituzte beren produktuak merkaturatzeko. Esate baterako, Diana Teknologia enpresak dio agente ekonomikoek ez dituztela behar bezala ulertzen oinarri teknologikoa duten enpresek bete behar dituzten kontsolidazio-prozesuak. Eta haien ustez prozesu horiek aldaezinak dira: jardueraren lehen lauzpabost urteetan produktua garatu, merkatuan sartu eta hazkunde motelaren hasiera ematen da. Eta handik aurrera gerta daiteke salmenta-leherketa. Eta errealitate horrek merkaturatzeko arazoak dakartza berekin, baita finantziazio-arazoak ere. Hona Dro enpresaren hitzak:

Aurrerago aipatu dugu zeinen zaila den inguruneko kultura baino aurreratuago dagoen produktua eskaintzea. Hori dela eta, produktuak edo zerbitzuak merkaturatu nahi badira, guztiz ezinbestekoa da komunikazio-gaitasunak indartzea. Arrazoi askorengatik: produktua berriztatzailea bezain ezezaguna da, eta beraz ez dago eskaerarik; zailtasun handiak daude merkatura heltzeko; merkatuak nekez ulertzen du eskaintzen zaion produktua ez dela zerbait osagarria, oso aberasgarria baizik; ahalegin komertzial handia egin behar da balizko bezeroei banan-banan azaltzeko produktuaren abantailak; produktua baliagarria izan eta lehiakideek ez duten kalitate-prezio erlazioa eskaintzen bada ere, enpresarentzat behar-beharrezkoa da bezeroek errealitate hori ulertzea. Innovae Visión-ek hitz egiten du gai horretaz:

Komunikazio-zailtasun horiek, aldi berean, areagotu egiten dituzte orain arte aipatu ditugun oztopoak konpainia berriztatzaileak sendotzeko. Hona Farapiren esperientzia:

Marka da konpondu beharreko beste arazo bat. Ekintzaile hauek diotenez, kosta egiten da Made in Spain teknologia berria duen produktu bat saltzea, izendapen horrek ez baitauka izen onik. Normalean, produktu iparramerikarrekin lehiatu behar da, eta horrek marketing-ahalegin handia eskatzen du. Hona zer dioen Incide enpresak:

Horrekin batera, enpresa hauek tamaina txikia dute, eta beraz ahulak dira. Hona zer proposatzen duen Datalogger-ek:

Hala jokatuz gero, litekeena da kopiarako arriskua murriztea. Izan ere, ikerlana egiten denean arriskua dago garapenerako ahalmen eta tamaina handiagoak dituen beste enpresa lehiakide batek proiektua kopiatzeko. Iriscom-ek ematen digu horren berri:

Kezkak

Bada eginkizun zail bat pertsona ekintzaileek burutu beharrekoa: zalantzaz josita egonik ere, lasaitasun-eredu izan behar dute. Faktore askok eragiten dituzte egonezina, urduritasuna eta larritasuna, kaltegarriak direla jakin arren: diru-arazoak, merkatuaren aldaketak, lehiakortasuna, enkarguak kudeatzeko epeak, ekipo barruan sortzen diren gatazkak eta beste hainbat ezusteko. Osasun fisikoa eta mentala, baikortasuna, irmotasuna, pazientzia eta jarrera baikorra ezinbesteko osagaiak dira balantza orekatzeko. Gomendagarria da sosegua izatea gatazkaren zein aldaketaren aurrean. Edo, ZuruZuri enpresako bazkide fundatzaileak dioenez, garrantzitsua da pertsona ekintzaileak gustura sentitzea, lasai, ardura handirik gabe, kezkatu gabe ekonomiaz, diru-sarreraz, bezeroak egiteaz eta etorkizunaz; izan ere, egoera horretan motibazioa galtzen dute eta ahuldu egiten dira. Hona hemen Diana Teknologiaren iritzia:

Erakunde publikoek zeregin garrantzitsua dute kultura ekintzailearen dinamizazioan eta sustapenean. Estatu Batuetan ere, nahiz liberalismo ekonomikoaren euskarri nagusi diren, Administrazio publikoa determinatzailea da eta izan da beti ekintzailetza bultzatzeko orduan: batzuetan, zuzeneko laguntzak ematen ditu; eta beste batzuetan, unibertsitate-proiektuak, teknologi zentroak edo enpresa-inkubadoreak finantzatzen ditu. Elkarrizketatu diren enpresek balioetsi egiten dute erakundeen ahalegin hori enpresa berriak sustatzeko, baina haien iritziz, protagonismoa ekimen pribatuaren esku utzi beharko litzateke.

Oztopoak eta itunak

Pertsona ekintzaileek, beren jardueraren hasieratik, harreman zuzena dute Administrazio publikoarekin. Baina harreman hori gorabeheratsua da. Alderdi negatiboen artean bada bat aski ezaguna: gehiegizko burokrazia bete beharra, eta horrek izugarri zailtzen du prozesua. Hona hemen Innovaeren iritzia:

Pertzepzio horri beste eragozpen bat gehitzen zaio: enpresa-proiektuak etengabeko azterketa eta balioespena jasan behar ditu diru-laguntza jasoko badu. Hainbat ekintzailek diotenez, ulergarria da fondo publikoak zertarako erabiltzen diren kontrolatu behar izatea; baina haien ustez, errentagarritasun ekonomikoaren kontrol jakin batzuek edo bestelako eskakizun administratiboek arriskuan jar ditzakete oinarri teknologikoa duten enpresa-proiektuak.

Beste oztopo bat ere aipatu dute, erakundeekin erlazionaturik dagoena: informazio eskasa ematen da eskura dauden erakundeei eta laguntzei buruz. Diotenaren arabera, egoerak labirinto opakuaren itxura du. Hona zer dioen S21sec enpresak auzi horren inguruan:

Dena dela, ekintzaile guztiek nabarmentzen dute zeinen garrantzitsuak izan diren tokian tokiko erakundeetatik jaso dituzten laguntzak (harrigarria bada ere, inork ez ditu aipatu estatuko edo Europako laguntzak). Droren iritziz, esate baterako:

Mota guztietako laguntzak jaso dituzte: sariak (Laborde, Toribio Etxeberria…), programak (Txekintek, Txekin, Luzaro…), sarbidea azpiegitura batzuetan (Oarsoaldeko inkubadoreak, Cemei, Bic Gipuzkoa Berrilan…) eta bestelako laguntza zehatzak kontratazioak egiteko zein komunikazioaren eta informazio-gestioaren sistemak garatzeko. Innovae Visión enpresak jaso ditu laguntza horietako batzuk:

Ekintzaileek eskertzen dute Enpresa Sustapenerako Zentroek (CEI-BIC) eta garapen-agentziek emandako laguntza eta kudeaketa-formazioa.
Farapi
k gogoratzen du:

Bestalde, balioesten dute teknologi parkeek emandako laguntza, enpresa berriztatzaileak kokatzeko espazioak baitira gehienbat. Hona zer lortzen den haien bidez Dro enpresaren iritziz:

Amaitzeko, adierazi behar da zer lankidetza-mota eskatzen dieten enpresek erakundeei. Batetik, pertsona ekintzaileek malgutasun handiagoa nahi dute laguntzak banatzeko moduan eta zergetan: ez dute proposatzen zerga-betebeharrak kentzea ekintzaileei, baizik eta atzeratzea eta aukera ematea enpresa sendotzen denean aurre egiteko gastu horiei.


Bestetik, eskatzen diete ekintzailetzaren kultura sustatzeko eta gazteen espiritu ekintzailea zaintzeko. Pertsona ekintzailea egin egiten da, eta Administrazioaren zeregina ezinbestekoa da alderdi kualitatiboak indartzeko, hala nola, baloreak, gizartearen onespena edo haiekiko errespetua. Hona Diana Teknologiaren hitzak:

Labur esateko, eskatzen dute, modu lausoan bada ere, erakundeek erraztasunak eman ditzaten. Incidek faltan sumatzen du erakunde publikoek zeregin hori beren gain hartzea:

Aholkuak onartzeak

 

1 IRIZAR, I. El reto de ser emprendedor. Lasarte-Oria: Mondragon Unibertsitatea, 2003

2 Regional Entrepreneurship Monitor, REM, Euskal Autonomia Erkidegoa. Txosten exekutiboa 2004 /Zuz.: Iñaki Peña Legazkue –Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005

3 Gipuzkoan, ekintzaileen % 22k unibertsitate-ikasketak ditu; eta % 56k, berriz, lehen mailako ikasketak. Bestalde, euskal ekintzaileak ezaugarri hauek ditu, oro har: gizonezkoa da, 35-45 urte bitartean dabil, ez dauka goi-mailako ikasketarik, goi- eta erdi-mailako errenta dauka eta hirialdean bizi da normalean (REM, 26. eta 63. or.). Euskal Autonomi Erkidegoaren teknologia-transferentzien indizea handiagoa da Espainiarena baino, eta baita teknologikoki aurrerago dabiltzan herrialde batzuena baino, Japonia eta Danimarka esate baterako. Dena dela, oso urrun dago Estatu Batuek, Hong Kongek edo Singapurrek erdietsi duten mailatik; baita Europako beste herrialde batzuek lortu dutenetik ere, Irlanda, Finlandia eta Alemania kasu. (REM, 133. or.).

4 Gipuzkoan, badaude bi datu aipagarri. 45 eta 64 urte artean dabiltzan ekintzaileen kopurua oso handia da: % 40. Eta ez dago batere ekintzailerik 18 eta 24 urte bitartean (REM, 62. or.).

5 Enpresa berria 3 eta 42 hilabete arteko jarduera burutu duena da; eta sendotua, berriz, lanean 42 hilabetetik gora daramatzana.

www.gipuzkoaemprendedora.net

Izenburua: Ekimen berriztatzaileak Gipuzkoan (protagonistak)
© copyright.- Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentua. Gipuzkoako Foru Aldundia.
Egilea: Miren Urquijo, Farapi S.L.
Itzulpena: Julia Marin, Itzulidatz Lantaldea S.L.
Diseinu grafikoa: Q2k





Aurkibidea