Hona hemen Ekimena Gipuzkoan sailaren bigarren txostena, Foroak berrikuntzarako eta ekintzailetzarako izenburua duena. Lan honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena du oinarrian; izan ere, erakunde honek, ekintzailetza eta berrikuntza bateratzeko asmotan, dinamizazio-prozesu bat artikulatzea erabaki zuen eskualde osoan. 

Hala, ekonomia, gizarte, formazio eta beste hainbat arlotako eragileek garbi ikusi genuen garrantzitsua zela gai horietan lanean hastea eta, batez ere, lan hori modu koordinatuan egitea, gogoeta egin, helburuak planteatu eta sarean jarduteko. 

Ekimen horiek indar handiko ideiak eragin dituzte. Eta ideia horiei esker, ekintzailetza- eta berrikuntza-dinamika propioak abiarazi dira zenbait eskualdetan, gaur eguneko ekonomia, eta are garrantzitsuagoa dena, gure lurraldearen etorkizuna aberasteko aukera ekarri dutenak. 

Ez dago zalantzarik abiapuntu honek konpromiso sendoa gauzatu duela jarduera ekonomikoaren eta gizarte-kohesioaren artean, bi alderditatik: kanpora begira, aberastasuna ekarri du gure eskualdera; eta barrura begira, ezaugarri berria erantsi die gure enpresen izaerari eta lehiakortasunari: pertsonen partaidetza. 

Beraz, beti bezala, pertsonak dira gure lurraldearen benetako protagonistak.


      Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Jakintzaren Gizartea Departamentuko Jakintzaren eta Berrikuntzaren Sustapen Zuzendaritza Nagusiak eskumen eta eginkizun hauek ditu, besteak beste: Gipuzkoako ekonomia sustatzea eta garatzea, berrikuntza jarduera ekonomikoaren estrategian txertatzea, eta jakintzaren gizartea sustatzea eta babestea. 

      Argitalpen honetan jasotzen diren jarduerak lau esparru konzentrikotan biltzen dira. Lehenengo esparrua, orokorrena, goian aipatutako Zuzendaritza Nagusiaren eskumen eta eginkizun horiei buruzkoa da. 

     Bigarren esparrua zehatzagoa da, eta Zuzendaritza Nagusi horretako Jakintzaren eta Enpresa Jardueraren Sustapen Zerbitzuaren eginkizunetako batzuk hartzen ditu bere baitan: 

    Hirugarren esparrua Berrikuntzaren eta Jakintzaren Gizartea Departamentuaren beste ekimen bati buruzkoa da: Gipuzkoa Berritzen egitasmoa. Egitasmo hori hausnarketa-prozesu bat da, aukera emango duena Gipuzkoako enpresetan eta erakundeetan jarduera-planak ezarri eta berrikuntzaren emaitzak hobetzeko.  

      Azkenik, laugarren esparruak, zehatzenak, adierazten du ekimena eta berrikuntza txanpon beraren aurpegi bereiztezinak direla; izan ere, berrikuntzaren aldeko apustu orori ekimenerako espiritu handi batez bultzatu eta eutsi behar zaio beti. Modu horretan, bat egiten dute Berrikuntzaren eta Jakintzaren Sustapen Zuzendaritza Nagusiak gipuzkoarren ekimenak babeste eta bultzatze aldera egiten duen ahaleginak eta enpresa-berrikuntza sustatzeak. Era berean, “Ekintzailetzarako ekintza berriztatzaileak: antolatzeko eta kudeatzeko beste moduak” programak ere aditzera ematen du, nolabait, berrikuntza teknologikoak emaitza onak emango baditu (ekoizpena hobetzea, eta aberastasuna eta enplegua sortzea) berrikuntza funtsezkoa dela enpresaren estrategian, antolaketan, marketinean edo negozio-ereduan. 

     Ekintza berriztatzaile horiek burutzeko, erakunde sustatzaileek foro batzuk sortu dituzte, Gipuzkoa Berritzen planean proposatzen den ondorengo ekintza honetan sar daitezkeenak: laguntza ematea berrikuntza-sistemako agenteek berrikuntza sustatuko duten jarduerak antola ditzaten Berrikuntza Zirkuluen bidez. 

     Bestalde, Berrikuntzaren eta Jakintzaren Gizartea Departamentuak argitalpen bat bultzatu nahi izan du ekintza berriztatzaile hauen inguruan, argi uzteko zein den bere borondatea: batetik jakinarazi nahi du administrazio eta erakundeen jarrera egokia dela egitasmo ekintzaileak sortu eta, bereziki, berrikuntza bideratzeko; eta bestetik, gizartera zabaldu nahi ditu egitasmo ekintzaileak eta berriztatzaileak. 

     Hauek dira aipatutako “Ekintzailetzarako ekintza berriztatzaileak: antolatzeko eta kudeatzeko beste moduak” programaren bidez 2005ean laguntza jaso zuten egitasmoak:

  1. Partaidetzari buruzko Benchmarking Foroa. Erakunde sustatzailea ASLE Euskadiko Elkarte Laboral Taldea izan zen. Foroan parte hartu zuten Estatuko Lan Elkarteen Konfederazioaren ordezkariek, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko adituek, Euskalit-eko kideek eta hainbat enpresatako pertsonek: Corporación ALFA, Lazpiur S.A., Diana Tecnología S.L., Autoescuela Lagunak S.A.L., Beralan S.L. eta Katealegaia S.L.L.

  1. Bergara Foroa. Lazpiur Taldeak sustatu zuen, eta enpresa hauek hartu zuten parte: Lazpiur Taldea, Matz-Erreka S.Koop., Elay Industrial S.A., Ecenarro S.Koop., Tratamientos Térmicos T.T.T. eta Metagra. Baita UHUN Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala eta Miguel Altuna Institutua ere.

  1. Eraberritu Foroa. GAIA Telekomunikazioetako Kluster Elkarteak sustatu zuen, eta partaide hauek izan zituen: Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultatea, ETEO S.Koop., LKS S.Koop. aholkularitza-enpresa eta GAIAko kide diren 5 enpresa gipuzkoar: CTI solf, JEMA, ODEI, OSATU eta S21 SEC.

  1. Getkei Foroa. MCC Taldeko MIK S. Koop.-k sustatu zuen, eta kide hauek hartu zuten parte: Gipuzkoako 10 mikroenpresa,  Oarsoaldea eta Goieki garapen-agentziak, eta Oñatiko eta Legazpiko udalak. Bestalde, 10 mikroenpresa horiek 4 eremu geografikotan banatzen dira: Oarsoaldean, Talleres Gatzaga, Itxasmarine, Asmatu XXI eta Ondarreta; Legazpin, Ekei Culturweb, Garbiberri eta GSR; Goierrin, Caldedería Irurena eta Caldedería Olabe; eta Oñatin, Gelatzu.

  1. Goierri Foroa. Goieki Goierriko garapen-agentziak sustatu zuen, eta eskualdeko hainbat eragile bildu zituen: enpresak, enpresaburuak, ekintzaileak, sindikatuak, alderdi politikoak, erakundeak… CAF, Ampo, Orkli eta Irizar enpresek ere parte hartu zuten.

  1. Kudeaketako Berrikuntzaren Foroa. Consultores Hobest Industrial S.L. aholkularitza-enpresak hala proposaturik, enpresa hauek hartu zuten parte: Zorroaga Egoitza, Gureak Taldea, Ins. Máquina-Hta.-IMH, CIE GSB Forja, AMPO S. Koop., Bellota HME, Manufacturas Oria S.L., Guerra Hermanos (GH), Soraluce S.Koop., Reiner e Hijos S.A., Orkli S.C.L., Matz Erreka, Sammic S.A., Alcorta Brockhaus S.A. eta Corrugados Getafe. Enpresa horiek guztiak, toki eta jarduera desberdinetakoak izateaz gain, berrikuntzarako bideak ireki nahian dabiltza beren kudeaketa-ereduetan.

  1. Belaunaldi Erreleboaren Foroa. Foro honetan parte hartu dute, ASLE erakunde sustatzaileaz gainera, hainbat familia-enpresaren jabeek (enpresa horietan oinordetza ziurtatu nahi zen, familian horretarako konpromisorik egon ez arren), enpresa horietako langileek eta eskualdeko garapen-agentziek. Konfidentzialtasuna dela-eta —izan ere, prozesuak jarraitu egiten du zenbait enpresarekin, eta ez da egokia ikusten prozesu hori argitara ematea—, hemen enpresa bakarra aipatzen da: Solozabal autoeskola, gaur egun Guipuzkoarena Heziketa izena duena, enpresa horrek buruturik baitu transmisio-prozesua.

   Foro horietako prozesuen eta emaitzen analisi kualitatiboa egitea Farapi S.L. antropologia aplikatuko aholkularitza-enpresari esleitu zitzaion. Farapi enpresak, 2006. urtean, elkarrizketa egin zien foro guztietako sustatzaileei eta parte-hartzaileei. Elkarrizketak erdi egituratuak izan ziren, eta ordubete eskaseko iraupena izan zuten. Landa-lana egitean, parte hartuzko behaketa ere burutu zuen gaur egun funtzionatzen duten zenbait forotan. Eta jakina, foro horietako erakunde sustatzaileek emandako dokumentazio guztia aztertu zuen. Hala jokaturik, helburu garbia bete nahi izan zuen, hain zuzen ere Lévi-Straussen esanetan etnografiara dedikatzen direnen zeregina dena: 

     Ondorengo narrazioa egituratzeko, elkarrizketetan, parte-hartzaileen behaketetan eta dokumentazioaren azterketan lortutako materiala erabili da. Narrazioa antolatzeko, berriz, materiala hautatu da, material horren zati bat baztertu, eta kapituluak ordenatu eta banatu egin dira. Aukeratutako irizpidearen bidez, dokumentazioaren azterketan agertu diren unitateak nabarmendu nahi izan dira: material guztian protagonismo handia duten gaiak eta guztientzako interesa duten foroetako iritziak. Izenburuei dagokienez, bat datoz narrazioan unitateei eman zaizkien izenak eta beren kapituluetan erabilitako izenburuak. Kapitulu bakoitzean alegiazko foro bat antolatu da, gai horren inguruko zazpi foroen ekarpenak erakusten dituena. Lehen foroan, proiektu horien bidez eratutako sareak aztertzen dira. Bigarrena foro guztietan erabilitako prozesuen aplikagarritasunari buruzkoa da. Hirugarrenak ezagutzaren kudeaketa du ardatz. Laugarrenak berrikuntzaz dihardu. Bosgarrena partaidetzaren ingurukoa da. Eta azken foroa, berriz, etorkizunera zuzendurik dago eta foro guztiek eginiko ibilbidea jasotzen du, baita haien jarraipena ere.

     Narrazioaren adierazpen-estiloa hautatzeko orduan, hainbat aukera aztertu ziren hasieran. Baina berehala ikusi zen kontuan hartu behar zirela landa-lana egitean bildutako materialen egitura eta logika, eta baita foroetan erabilitako prozesuen egitura eta logika ere. Horregatik erabaki zen narrazioa kronika moduan antolatzea, foroen2 eta Farapi S.L. enpresaren lan etnografikoaren arteko elkarreragin gisa. Eta aldi berean, kronika osoari foro-itxura ematea erabaki zen, Interneten ugari diren foroen antzera. 

     Ondoren datorrena borondate horien guztien emaitza da. Zuen gustukoa izango delakoan gaude.

     Lehen foro hau eratzeko, zazpi foro parte-hartzaileek funtzionamenduari buruz esandakoak erabili ditugu. Foroak harreman-sareak izan dira, topaguneak edo informazio-trukerako lekuak. 

      Foro guztietan jatorri desberdinetako ordezkariak bildu dira.


Goiekik proposatu zuen foro bat antolatzea ekintzailetza eta berrikuntza aztertzeko. Eta eskualdeko eragile asko inplikatu ziren: enpresak, enpresariak, ekintzaileak, sindikatuak, alderdi politikoak, instituzioak… Helburua zen aztertzea zer ekintza-mota burutu behar ziren enpresa berriztatzaileak sortzeko Goierri eskualdean.

 

Gu Mondragon Unibertsitatetik gatoz. Unibertsitate pribatua da. Eta LKS hartu genuen lankide. Guk epe luzeko ereduak eta ikuspegia ditugu, ikuspegi akademikoa; haiek, berriz, beste alderdi batzuk hartzen dituzte kontuan: aplikazioa eta aholkularitza-zerbitzua. Ondoren, Gaia-rekin elkartu eta triangelu ezin hobea eratu genuen enpresen arteko harremanetan. Nire ustez, zeregin hirukoitz hori interesgarria izan da: gu hornitzaileak gara eta ikuspegi zientifikoagoa daukagu; LKS-k aholkularitzan duen eskarmentua ekarri digu; eta Gaiak enpresak ordezkatzen ditu. Batasun horrek garrantzi handia izan du proiektu osoan.

Oso aberasgarria da giro desberdinetan dabiltzan pertsonekin lan egitea. Baita EHUrekin kolaboratzea ere; izan ere, haiek askozaz teorikoagoak dira eta beste ikuspegi batekin lan egiten dute.

     Bergara Foroan, metalurgia-esparruko enpresa batzuek hartu zuten parte, Miguel Altuna Institutuarekin eta UHUNrekin batera. Belaunaldi Erreleboaren Foroan, lan-antolamenduko hainbat arlotako ordezkari bildu ziren: enpresaburuak, langileak eta sindikatuak. Getkei Foroan, hainbat jarduera-arlo eta tokitako mikropymak bildu ziren. Eta Kudeaketako Berrikuntzaren Foroan parte hartu zuten enpresak esparru eta figura juridiko desberdinetakoak ziren. Dena den, foroetan hainbat jatorritako ordezkariak bildu badira ere, guztien interesa nabarmentzen da: 

IHarreman-sare bat sortu dugu kudeaketaren berrikuntzan eta pertsonen partaidetzan interes berberak dituzten enpresen artean. Eta hori oso inportantea da, nire ustez.

Zaila da foro bat urtebetez bizirik iraunaraztea. Parte-hartzea jaitsi egin daiteke arrazoi askorengatik, eta litekeena da partaideek jaiste hori ez ondo ikustea. Batzuek parte ez hartzeak pobretu egiten du debatea, eta hori kaltegarria da parte hartzen dutenentzat. Parte-hartzaileak minduta ere egon daitezke jarrera horrekin: pentsa dezakete batzuk agertzen ez badira huts egiten dietela agertu ahal izateko beste zeregin batzuk alde batera utzi behar izan dituztenei. Horregatik, gehienek pertsonen konpromiso handiagoa eskatzen dute. Kezka horren erakusle, hona hemen Kudeaketako Berrikuntzaren Foroko partaide baten iritzia:

Exijentzi maila handiagoa egon beharko luke antolatzaileen edo konprometitzen garenon aldetik. Bigun samarrak gara, bigun samarrak izan gara.

      Baina ez da erraza pertsonen partaidetza lortzea: 

Ekintza berriekin hasi nahi dugunean, betiko oztopoarekin egiten dugu topo guztiok: denbora-falta.

Beharbada, jendea parte hartzera bultzatzea da zailtasunik handiena.

     Aztertu dugu zer oztopo egon daitezkeen foroetan helburuak lortzeko, eta denbora izan da arrazoi aipatuena eta, batzuetan, horrekin batera, distantzia:

Enpresa handitan dabiltzan pertsonak dira eta, nahiz eta parte hartzen ari diren, denbora falta dute. Enpresa handiak kudeatzen dituzte eta eguneroko lana gogorra izaten da. Horregatik, askotan ez da erraza izaten agendan tarte bat egitea bilera bat antolatzeko.

Beharbada, jendea ez da joan foroetara behar zen maiztasunarekin. Nire ustez, eguneroko lanak ez dio aukerarik ematen jendeari bilera guztietara joateko.

Urruntasuna arazoa izaten da beti. (...) Onena hurbilago egotea izango zen.


Badakit kargua duten pertsonak direla…  agenda beteta dutela gaurtik datorren hilabetera… Hurrengo bilerarako eguna jartzen ari garenean, agenda begiratu eta esaten dute: bai, libre daukat. Baina azkenean Alemaniara joan beharra daukate, saldu duten makina arazoak ematen ari delako…

      Bada beste arrazoi bat foroetako komunikazioa zaildu dezakeena: alde handiak egotea iritzien artean. Parte-hartzaileek ez dute askotan aipatu gai hori, baina ez dugu horregatik alde batera utziko: 


… eta batek esperientzia on bat kontatzen du, eta beste batek dio: “Ba, hori niretzat hitz politak baino ez dira. Zeren nik arlo horretan bestelako esperientzia izan dut, txarragoa”. Horrek, ordea, ez du foroaren funtzionamendua kolokan jartzen; debatea aberasteko motibo bat da. Izan ditugun eztabaidetan ez gara inoiz iritsi foroa hausteko puntuan jartzera.

      Fidagaiztasunak ere eskastu dezake foro batean espero daitekeen komunikazio-kalitatea. Alderdi hori aurrerago aipatuko badugu ere, hona hemen Bergara Foroan jasotako iritzi bat: 

Badago bat, lehen aipatu dudan enpresa horretan dabilena… Hura ez zen inorekin fidatzen, Miguel Altuna Institutuarekin igual bai, baina ez behintzat berak egiten dituen pieza berdinak egiten dituzten enpresekin.

      Argitalpen honetan parte hartzen duten Gipuzkoako zazpi foroek gainditu egin dituzte eragozpen horiek guztiak, eta baita hemen aipatzen ez diren beste batzuk ere. Estrategia hauek erabili dira: 

  1. Lehendik zeuden sareak eta sinergiak baliatzea.



Guk zortea izan genuen: eratuak genituen lehendik martxan zeuden plan estrategikoko lan-taldeak, eta orduan, aprobetxatu egin genuen talde horietako bat, ekonomiari buruzko taldea hain zuzen. Proiektu honetan inplikatu genituen talde horretako partaideak, 20-25 pertsona inguru. Eta lanean hasi ginen haiekin Berrikuntzarako bide guztiak jorratu nahian. Eta bigarren pauso batean enpresa handiak inplikatu genituen: CAF, Irizar, Orkli, Ampo.

      Bergara Foroak Miguel Altuna Institutuaren eta inguruko enpresen artean zegoen harreman ona baliatu zuen. Era berean, Kudeaketako Berrikuntzaren Foroan, Hobest Consultores S.L. erakunde sustatzaileak aurretik berarekin aritu eta bere gaiekiko interesa azaldu zuten enpresei deitu zien. 

  1. Talde-dinamizaziorako tekniketara jotzea edo aditu baten ekarpenak baliatzea ekintza-, hausnarketa- eta eztabaida-eremu berriak irekitzeko.



Guk, foroa garatzeko, “knowledge coffee”  izeneko teknika erabili genuen. (...) Dinamizatzaile batek ahaleginak egiten ditu jendeak modu berdintsuan parte har dezan, denbora kontrolatzen du, eta baita bilerak eman dituen emaitzak ere. (...) Pertsona-taldeak dinamizatzeko era bat da. (...) Teknika honen helburua gai jakin bat lantzen saiatzea da eta esparru bat ezartzea, jendeak ahalik eta ikuspegi eta iritzi gehien jaso dezan edozein gairen inguruan.



Nire ustez, dinamizatzailearen esku dago guztia. Foroan konturatzen zara 25 partaide baldin badaude batzuek gehiago hitz egiten dutela beste batzuek baino, antolamenduaren araberakoa izaten da. Foro honen gauzarik onenetako bat funtzionatzeko era izan zen: taldeak eratu genituen, elkarlanean jardun genuen, iritziak bateratu genituen, eta saiatu ginen denen parte-hartzea bultzatzen.



Zuk igual duda bat planteatzen duzu: “Nora zuzendu nahi dugu foroa?”. Eta hau da erantzuna: “Lanaren inguruko kontzeptua eta lan egiteko modua aldatzen ari dira, gaur ez da garai batean bezala, beraz…”. Horrek bide interesgarria zabaltzen du hausnarketa egiteko, eta hori lotzen duzu zerorrek daukazun esperientziarekin, edo buruan darabilzun zerbaitekin, eta… Niretzat oso aberasgarria izan da.

 Praktika arrakastatsuak trukatzea parte-hartzaileen artean. Foroen funtzionamenduaren barruan, zenbait enpresak beren antolaketan erabiltzen dituzten ereduak azaltzen dituzte, eta baliteke foroan parte hartzen duten beste enpresa batzuek eredu horiekin interesatu eta bisitak egitea erabakitzea, praktikan nola funtzionatzen duten ikusteko. Enpresaren esparruan esperientzia handia duten parte-hartzaileen ekarpenak ere interesgarriak izaten dira beti foroko gainerako kideentzat.

Nire ustez, foroa praktika onen eredua baino zerbait gehiago da: praktika onak trukatzeko gune bat, eta prozesu sakonago baten hasiera. Esan dezagun hasiera bat dela. Baten batek interes berezia baldin badauka, sakondu egin behar du.

Foroak era horretan sortzea ona da, arrazoi askorengatik. Enpresari txikiek beren esperientziak eta arazoak trukatze hutsa ona da beti, sektore desberdinetakoak izanagatik.

      1. Foroari lurraldetasuna ematea. Estrategia honek aukera ematen du denbora- eta espazio-oztopoak gainditzeko. Deialdia lurralde jakin batera mugatu daiteke, edo lurralde birtual bat sor daiteke harremanetarako. Hala, zailtasunak ezabatzeaz gainera, balioa ere eransten zaio. Hona zer dioten foroetako batzuek horren inguruan:

Alferrik arituko gara Bergaran sei enpresa handi ondo badoaz eta gainerakoak gaizki. Argi dago denek ibili behar dutela ondo Bergara ondo joan dadin. Eta hori zonalde edo herri bakoitzera transmititu daiteke.

Oraindik ohitura txikia dugu tresna informatikoarekin lan egiten3. Nire ustez, gehiago erabili behar genuen. Oraindik ere bilera fisikoak egiten ahalegintzen gara, denok biltzeko; baina tresna informatikoa erabiliz ere egin daitezke bilerak.

      Lau estrategia horiek erabili izanak, erabili diren bakarrak ez badira ere, komunikazioa hobetzea ekarri du, baita eragileen arteko lankidetzarako bideak sortzea ere:  

Nire ustez, orain arte lortu dugun gauzarik onena gure arteko komunikazioa hobetzea izan da, mahai baten inguruan eseri eta esatea: “proiektuei buruz hitz egiten ari gara, ateratzen diren gauzei buruz”...

Uste dut oso balorazio positiboa egin dugula guztiok bilgune honi buruz: aukera ona da enpresa-girotik irten eta esperientziak partekatzeko kanpokoekin. 

      Foro guztietan aipatu da zeinen aberasgarria izan den haietan parte hartzea. Hona hemen iritzi batzuk: 






Foroa, berez, aukera handia da. Nire iritziz, bete-betean asmatu da horrelako aukera bat ematearekin, batik bat pertsonen arteko topaketa bideratzen duelako. Jendeak oso esperientzia aberasgarriak ditu kontatzeko bere enpresari buruz, baita esperientzia propioak ere. Izan ere, sektore eta tamaina diferenteetako enpresak dira, eskarmentu handiko langileak dauzkate kudeaketan, eta gazte jende hasiberri asko, ideia berriak dituztenak. Alde horretatik, aukera handia da esperientziak partekatzea eta aberastea… Gaztearentzat oso aberasgarria da berrogeita hamar urte pasatxo dituen pertsona bati entzutea nola kontatzen duen orain dabilen enpresan bizi izandako esperientziaren bat, edo aurreko beste enpresaren batean bizi izandakoa, zeren esperientzia asko bizi izandako pertsona izango baita. Interesgarria da kooperatiba edo SA bateko pertsona bati entzutea, edo sindikatuekin asko negoziatu behar izan duen bati, edo hainbesteko eskarmenturik ez duen beste bati… Hori oso aberasgarria da.

Pertsona desberdinak elkartzea, iritzi, izaera eta ikuspegi desberdinetako pertsonak… Eta aukera izatea erakunde desberdinak elkartzeko… Oso aberasgarria da: elkartzea bera da aberasgarria.

Pertsona berriak ezagutzea, lehen esan dudan bezala, niretzat oso aberasgarria izan da.

Niretzat, behintzat, oso aberasgarria izan da. Nik uste dut Unibertsitatearentzat ere oso aberasgarria izan dela.

      Denek nabarmentzen dute lehen ez zegoen harreman-sare bat sortu dela: 




Ni orain ausartzen naiz enpresa jakin bateko gerenteari deitu eta esatera: “Aizu, gogoratzen naiz esan zenuela orientabide berezia ematen zeniotela taldeen antolamenduari. Gogoratzen naiz atentzioa eman zidala eta orain guk arazo hori bera daukagu. Inporta al zaizu hara joaten bagara?”. Eta ez zaio batere inporta, zoratzen dago, zeren oso harreman ona daukagu. Berak ikusten du hemen berdintsu pentsatzen dugula, eta gustura laguntzen digu; izan ere, irrikan dago berak sinesten duen eredua gure enpresan ere ezartzeko. Elkarri laguntzen diogu, eta hori da hemen gertatu den gauzarik inportanteena.

      Harreman-sare horretan, osagarritasun-maila handia izaten da askotan: 


Nik uste dut elkarren osagarriak garela: aholkularitza-enpresa bat, unibertsitate bat, elkarte bat… Nire ustez, hori oso gauza ona da: bakoitzak dituen eginkizunak, ezaupideak eta gaitasunak diferenteak direlako. Funtzionamendua oso positiboa izan da: bakoitzak bere ezaupideen berri eman du.

      Gainera, sare horri esker, aukera berriak sortzen dira: 


Foroak elkarrekin egiteak beste onura bat ere ekarri digu: hartu-emanen kapital hori garatzea; eta hori asko baloratzen dugu. Harremanen sarea oso garrantzitsua da beti, bai enpresa txiki baten barruan, bai enpresa handi batean ere. Aukera ematen du etorkizuneko lanak egiteko, edo elkarri laguntzeko ere.

Enpresentzako aukera berriak identifikatzea, proiektu berriak, ideia berriak… (…) Hori, nolabait esateko, denen ahalmenak batzea da;  izan ere, nork bere harreman-sarea dauka eta guztiak integratuz gero, aukera gehiago izango ditugu aurrera begira.




     Bigarren foro honetarako, gai hauek aukeratu ditugu: zazpi proiektu parte-hartzaileek lortu nahi izan dituzten helburuen zehaztasuna eta aplikagarritasuna, bidean saihestu behar izan dituzten oztopoak, eta nola burutu duten beren asmoa. Gai garrantzitsuak dira partaideen iritziz, eta hala nabarmendu dute elkarrizketa askotan eta kontsultatutako dokumentuetan. 

      Eraberritu Foroa da, beharbada, hasieratik helburu zehatzena izan duena, produktu definituagoaren bila baitzebilen: 




Hasierako bultzada, nolabait esateko, berrikuntza-ereduak aztertzea izan zen. Gero eredu propio bat diseinatu genuen, era horretan enpresek berritzea zer den uler zezaten. Eta, ondoren, tresnak eman genizkien auto-ebaluazioa egin eta hobekuntza-planak prestatzeko. (...) Ikusten genuen proiektua oso beharrezkoa zela berrikuntzaren sistematizazioa indartzeko enpresetan.

      Horrekin ez dugu esan nahi gainerako foroen proposamenak zehatzak ez zirenik. Baina ondorengo adierazpenak helburu orokorragoez mintzo dira, jarduera-eremu zabalagoa duten kontzeptuez alegia: 
 

Ekimen berriztatzaileen bidez, helburu garbia lortu nahi genuen: eskualdean ekintzaile-espiritua bultzatzea eta enplegua eta aberastasuna sortzea.


Hasiera batean, lankidetza-proiektu berriak sortzeko asmoa genuen, enpresa-sare berriztatzaileago bat bultzatzeko partaidetzari dagokionez. Eta horretarako ezagutzaren gizartean indarra hartzen ari diren gaiak, sistemak eta irizpideak erabili genituen.

Foro honek helburu garbia du: langileen parte-hartzea bultzatzea enpresetan.

Proiektu honen helburu nagusia belaunaldien erreleboa erraztea da, baita enpresa gipuzkoarren jarraipena ahalbidetzea ere espiritu ekintzailea langileen artean txertatuz.

      Bergara eta Getkei foroek ere antzeko hitzak erabili dituzte helburu nagusiei buruzko adierazpenetan: ekimen berriztatzaileak bultzatzea parte hartzen duten enpresetan, eta ikaskuntza- eta lankidetza-esperientziak eskaintzea arazo berdintsuak dituzten enpresei. Horregatik, ez da harritzekoa foro horietan beldur izatea zehaztasunik gabeko teorizazioetan erortzeko: 




Zertarako biltzen gara hemen, gero ez badugu ezer konkretatzen. Teorian gelditzen gara eta ez dugu asmatu inora iristen (…) Izan ere, horrelako gauzak proposatzen direnean, zuk esaten duzu: “Berriz ere bukaerarik ez duten bileretara joan behar dugu, ordu-pila bat galtzera eta inoiz gauzatuko ez diren gauza-pila bat esatera”. (...) Ideiak badaude, eta teoria oso ondo dago; baina hitz potolo samarrak dira, eta batzuetan igual ez gara kapaz ideia horiek aurrera eramateko. (...) Hor dago gakoa: emaitzak behar dira, eta gainera, gure erara ibili behar dugu, gure mailan…



Zer egin behar dugu? Teorizatu? Hitz politak esan? Berrikuntzaz eta partaidetzaz hitz egin? Hau guztia ze polita den komentatu? Lainoei buruz hitz egin? Hobe genuke lurra zapaltzea eta benetan identifikatzea nolakoa izan behar duen erakunde batek besteak baino berriztatzaileagoa izateko: ze baldintza bete behar dituen, nolakoak izan behar duten pertsonek, nola antolatu behar den…

      Kezka hori dela eta, foroetan azpimarratzen da ahalegin handia egin behar dela eta hala egin dela mamiraino iritsi, mailaz jaitsi eta gaiak zehazteko:  


Alde horretatik nik uste dut hankak lurrean eduki ditugula. Kontzeptuekin aritu gara, baina hankak lurrean ditugula lan egin dugu, hau da, esperientzia zehatzak aplikatu ditugu, positiboak izaten ari direnak gainera, eta beste pertsona batzuek beren enpresetan gertatzen diren gauza txarrak ere komentatu dituzte.


Nire ustez, prozesua bera oso dinamikoa izan da eta ez gara ito bileretan. Bilera gutxi eta oso zehatzak izan dira, eta bileretan garbi zegoen helburua eta bagenekien zer egin behar genuen. Hiru lanordu izaten ziren, gehiago ez. (...) Enpresa handiek erraztasuna eman digute gauzak zehazteko, eta esateko: “hau egin daiteke”.

      Eraberritu Foroan ere praxirako eskaera bera azaltzen da. Hona zer dioen egitasmo honetan parte hartu zuen Mondragon Unibertsitateko pertsona ikertzaile batek:  



Esperientzia horrek berak beste norabide batean ipinarazi dit nire ikerketa-eremua. Gehiago interesatzen zait berrikuntza aplikatua analisi kontzeptuala baino. Berrikuntza aplikazioa da, praxia. Ez baduzu ezer egiten, ba ezer ez. Baina zerbait egin duenak hanka sartu du eta hasi egin da berriro; eta horrek aukera gehiago ditu berriztatzailea izateko edo berrikuntzan arrakasta izateko etorkizunean. Orduan, alde horretatik begiratuta, nik uste dut nire ikerketa-eremua errealitatean zentratuago dagoela.

Hona zer gaineratzen duen foro honetako parte-hartzaile batek: 



Esan dezagun lan teorikoan joera egoten dela eredu osatuegia, konplexuegia eta aplikatzen zailegia diseinatzeko. Orduan, enpresekin kontrastea eginez erabakitzen da nolabait zer aldatu behar den. Eta eredua enpresen premia espezifikoetara egokitzen da. Hau bai eduki behar dugula garbi: enpresetan probatzen ez den eredua, enpresek sinesten ez duten eredua, ez da existitzen.

      Azpimarratu behar da foro honetako eredua eta erabili den metodologia baliozkotzat jo dutela hainbat enpresa aitzindarik. Eta hala, lortu da eredua proiektuaren azken enpresa erabiltzaileen premietara egokitzea. Hona zer adierazten duten maila zehatzago batean lortu dituzten ekarpenei dagokienez:  




Nire ustez, diagnostikoarekin berarekin ikusi dute zein den gaur egungo argazkia eta zer gaitasun daukaten une honetan enpresa berriztatzeko. Jabetu dira zer fasetan ari diren. Eta horrela garbi ikusi dute oraindik ere lan egin beharra daukatela berrikuntzaren kontzeptua gehiago sistematizatzeko eta kontzeptu hori beren estrategietan eta prozesuetan integratzeko. Argazki hori oso inportantea izan da. Eta gainera, antolamenduan parte hartzen duten arlo desberdinetako pertsonek partekatutako argazkia izan da, hori baita partaidetza-berrikuntzaren kontzeptua. Enpresarentzat oso ona den beste emaitza bat ere lortu da: “Bale, gabezia hauek ditugu, ibilbide nahiko luzea daukagu aurretik, baina lehentasuna emango diegu hobetu behar ditugun arloei”. Eta plana zehaztu egin da: bilera-egunak, arduradunak… Erronka bat ere izan da: “Lanean hasteko garaia dugu”.

Belaunaldi Erreleboaren Foroak langileei jabetza transmititzeko prozesu oso bat burutu du, eta hori prozedura-eredu bat izan da beste enpresentzat. Benchmarking Foroak argitalpen honetan azaldu ditu bere emaitzak: Pertsonen partaidetza enpresetan. Enpresen antolamendu- eta kudeaketa-modu berriak, pertsonen partaidetzan oinarrituak, haiek baitira lehiakortasunaren giltzarri. Getkei Foroak ere lan-bileren ondorioz enpresek lortutako emaitza onuragarrien berri eman du. Eta Goierri Foroak adierazten du bere emaitzen “egunerokotasuna” izan dela bere arrakastaren oinarri:  

Proiektu honek ezagutzan eta pertsonetan oinarritutako kudeaketa aurreratuaren kontzeptuak sartu ditu Gipuzkoako hamar enpresa txikitan. Esperientzia horrekin metodologia bat diseinatu da, proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatuko dituen agenteek exekutatu dezaten.

Hitz potoloak erabili ziren (klusterra, esate baterako), baina baita gauza zehatzak eta xumeak ere. Nire ustez, hori da arrakastaren gakoa. Hankak lur gainean dauzkagu, ez dugu gauza handiez hitz egiten, hori da gehien gustatzen zaidana.

      Goierri Foroaren iritziz lortutako emaitza “aparta” ez bada ere, gai izan da bost ekintza garrantzitsu, zehatz eta planifikatu hauek hautatzeko, datozen bi urteetan burutuko dituztenak: “lankidetza-estrategia bat aurkitzea eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko”, “ikerketa-programa garrantzitsuak hautatzea eragileen artean: eragile anitzeko egitasmoak”, “I+G unitate berriak ekartzea Goierrira”, “bideak sortzea harremanak eta profesionalen aldaketak eman daitezen enpresen, unibertsitateen eta lanbide-eskolen artean, baita ekintzailetza- eta berrikuntza-joerak nagusitu daitezen ere” eta “foro iraunkor bat sortzea eskualdeko erakundeen artean”. 
 

Eta amaitzeko, Bergara Foroan eta Kudeaketako Berrikuntzaren Foroan azpimarratu dute praktika eta aplikazio zehatzak trukatu dituztela enpresa parte-hartzaileen artean: 



Gauza zehatzak ere lortu ditugu: bi enpresen arteko elkarlana. Haietako batek integratuta dauka dagoeneko kudeaketa aurreratuaren sistema bat; eta besteak, berriz, sistema horiek integratu nahi ditu eta bisitan joan zaio, prozesua bizkortzeko. Eta alderantziz: bigarren enpresak euskara-sistema bat dauka ezarrita lantokian eta beste enpresakoek bisita egin diote (…) Transmisio bat egon da topaketa horien ondorioz.


Bi hartu-eman horiek izugarrizko eragina izan dute erakundean. Gauza batzuk ondo enfokatu gabe geneuzkan, eta ohartu gara arazoak genituela antolaketan edo metodologian. Enpresa hori bisitatzera joan gara eta ideia berriak ekarri ditugu hona, aplikatu egin ditugu eta oso pozik gaude. Izan ere, ikusten dugu aurrerapauso bat eman dugula, bakarrik egonez gero emango ez genuena.


 

      Ezagutza da foro honen gaia, baita ezagutza hori erakundeetan zabaltzea eta kudeatzea ere. Foroa aurkezteko, Getkei Foroaren hitzak baliatuko ditugu: 

 

Antolamendu- eta kudeaketa-modu berriak sortu nahi ditugu mikroenpresetan, ezagutzan eta pertsonen parte-hartzean oinarrituak. Hau da gure helburua: pertsonak estrategikoki proaktiboak izan daitezen, jabe daitezen zeinen garrantzitsua den ezagutzaren kudeaketa eta kezka daitezen ezagutza hori enpresatik kanpo bilatzen, elkarri trukatzen eta ustiatzen.

     Foro honetan egiaztatu zuten enpresa txikiek arazoak dituztela gogoetarako denbora hartzeko: 

 

Enpresa asko hasita dago jadanik lehia hori sentitzen. Baina produktu bera ekoiztu dute beti, eta ez dute astirik geldiune bat egin eta produktu berriei buruz pentsatzeko ere. Nire ustez, enpresa txikietan jende asko arrisku bizian dago olatu-kolpe handi bat etortzeko. Beti esaten da iristeko zorian dagoela, eta ez da iritsi oraindik. Baina nire ustez, arriskua benetakoa da. Enpresa txikiak arrisku larrian bizi dira, tailer txikiak batez ere.

 Eta Partaidetzari buruzko Benchmarking Foroan diotenez, denbora faltak sarritan galarazi egiten ditu berrikuntzarako aukera guztiak: 

 

Ikusten ari gara eseri beharra daukagula gogoeta egiteko. Edozein erakundetan denbora pixka bat eskaini behar zaio gogoetari. Zer pentsatua ematen duen informazioa eskuratu behar dugu. Gure ustez, eraginkorra da gure burua behartu, bilera hau egin eta arratsalde oso bat eskaintzea talde bakoitzak gogoeta egiteari: zer da guretzat berriztatzea?, ze gauza egiten ditugu?, nola hobetu ditzakegu gauza horiek?, nola alda ditzakegu?

      Hori dela eta, oso garrantzitsua da foro batean parte hartzea; izan ere, sistema ona da ezagutza zabaltzeko eta toki egokia gogoeta egiteko. Baina informazioaren igorleak aurre egin behar dio, aurrerago adierazi dugunez, konfidentzialtasunaren arazoari. Hau da, hainbat enpresari beldurra ematen dio bere ezagutza erakusteak beste enpresa gertuko batzuei, elkarren lehiakideak baitira maiz. Eraberritu Foroan estrategia hau erabili zuten lankidetza-giro egokia sortzeko enpresa parte-hartzaileen artean: 
 


Bada beste alderdi garrantzitsu bat: konfidentzialtasunaren gaia. Enpresak normalean prest daude bakarkako proiektuetan parte hartzeko. Baina, kasu honetan planteatzen ari garen bezala, foro bat eratu behar baldin bada, eta ideiak, esperientziak, gabeziak eta abar partekatu, konfidentzialtasunaren auziak eragotzi egin dezake enpresen partaidetza. Eta enpresak beldur ager daitezke irekitzeko eta beren arazoak edo estrategiak beste enpresei askatasunez azaltzeko. (…) Ekimen independente bat abiarazi izan bagenu Gaiaren laguntzarik gabe, arazoak izango genituzkeen enpresak proiektu honetan inplikatzeko. Izan ere, hemen joera daukagu ezagutza partekatzeko beste enpresa batzuekin, Unibertsitatearekin edo beste hainbat agenterekin; eta elkarren lehiakideak izan daitezke guztiak.

      Informazio-zabaltze horretan, batzuetan nekeza da gaitasuna lortzea trukea gurutzatua izan dadin. Arriskua dago zama guztia igorle bakar batengan jartzeko: beti dago igorle bat informazioa ematen duena eta besteak hartzaile bihurtzen dira, eta hala ez da hartu-emanik gertatzen. Norabide bakarrekoa denean, informazioaren transmisioa eskasa da. Partaideetako askok ez dute ulertzen enpresa batzuk zergatik ez dauden prest adierazleak partekatu eta beren praktika onenen berri emateko gainerako enpresei, modu anonimoan bada ere. Erreparo horiek existitzen diren arren, hona zer dioen Eraberritu Foroan parte hartu duen enpresetako batek: 
 


Guk foro askotan hartzen dugu parte, eta arazorik gabe jakinarazten ditugu gure esperientziak, adierazleak, emaitzak… Ateak zabaltzea da gure filosofia, baita bulegoetan ere. Lehiakideekin ere bilerak egiten ditugu.

     Enpresa honek ez du ulertzen norbaitek bere praktika onenen berri eman nahi ez izatea foroan enpresa lehiakideak daudelako edo astirik ez dutelako beste batzuen ekarpenak entzuteko. Eta defendatzen du prozedura honek izugarri errazten duela ahalegina: 
 



Nire ustez, oso pozgarria izan beharko luke edozein erakunderentzat benchmarking bat zer den benetan ulertzea. Aukera hori ez dago toki askotan. Baina gure lurraldean, zorionez, zaletasun handia dago. Guk ohitura handia dugu benchmarking sistema erabiltzeko Gaian, Euskaliten, Adegin, Elkargin, Kameran…; eta gogoa daukagu bide horretatik jarraitzeko. Gutxi iruditzen zaigu, gehiagoren premian gaude. Baina, egia esan, gure lurraldea pribilegiatua da alde horretatik.

 

Foroek badute gauza on bat: norbera saiatzen bada pixka bat irekia izaten eta bere praktika onenen berri ematen, pila bat ikasten da.

     Eta bat dator Bergara Foroarekin: ezagutzaren transmisioak onura handiak dakartza, eta horretarako praktika eta esperientzia onak partekatu behar dira beste enpresa batzuekin. 

 


Aurkezpenetan-eta hau esaten zuten: “Nor bere aldetik joanez gero, ez da inora iristen. Esfortzuak bateratu behar ditugu eta besteei komunikatu bakoitza zer praktika on egiten ari den. Elkarlana egin behar dugu, bakoitzak besteen gauza onak hartu behar ditu, eta egoera hobetu denon artean, eta gai hau landu.” Orduan, pentsatu genuen onena nork bere kudeaketa-sistema besteei azaltzea zela, eta hor sartzen zen pertsonen kudeaketa ere, bakoitzak zer ekoizten duen albo batera utzita: torlojuak edo autoak edo dena delakoa. (…) Esperientziak partekatu behar dira enpresen artean, enpresei ikusarazi behar diegu ezagutzak eta berrikuntzak izugarrizko garrantzia dutela mundu globalizatuan lehiakorra izateko.

      Foroetan parte hartu duten enpresen ustez, praktika on horiek hedatu egin behar dira: 


Nire ustez, zenbat eta jende gehiagok ezagutu zerbait, hobe. Ona litzateke une honetan arrakasta izaten ari diren enpresen esperientziak besteei komunikatzeko bidea erraztea, gaur egun aitzindari diren enpresa-ereduak partekatzea, partaidetza- eta berrikuntza-arloetan urrats interesgarriak eman dituzten enpresen berri zabaltzea… Ateak zabaldu ditzatela, eskain diezaietela denbora pixka bat beste enpresa batzuetan dihardutenei…

 

Ez gara esaten ari enpresa arrakastatsu horien eredua ezarri behar denik beste enpresetan. Enpresa bakoitzak modu jakin batean lan egiten du, faktore ezberdinen eragina jasotzen du, eta ezin esan daiteke esperientzia horiek egokiak direnik beste enpresentzat. Ezta gutxiagorik ere. Horregatik, hemen, benchmarking-ari buruz hitz egiten dugu, praktika onak eta adibide egokiak jendartera zabaltzeari buruz… Ezagutu daitezela eredu horiek, baina ez kopiatzeko, baizik eta ikusteko modu asko dagoela partaidetza lortu eta enpresa ikusteko, eta informazio horrek hobe dezakeela norberaren enpresa.

      Are gehiago, praktika txarrak eta hutsegiteak oso datu erabilgarriak dira, eta zabaltzeko modukoak: 
 




Hiru hutsegite egin baldin baditugu hona iritsi aurretik, ez da haietaz hitz egiten. Ni izan naizen aurkezpen guztietan, ez foro honetan bakarrik baizik edozein tokitan, alderdi positiboei buruz hitz egiten da beti. Beti aipatzen dugu zeinen ongi ari garen. Baina interesgarria litzateke nik proiektu jakin bat abiarazteko asmoa baldin badaukat eta beste enpresa batek aurreratua baldin badauka proiektu hori, ez informatzea bakarrik gauza onei buruz, esan dezatela: “Kontuz, ez zaitez hortik joan! Gu hortik abiatu ginen eta bi aldiz erori ginen”.



Praktika onak partekatu beharrean, txarrak ere, hau da huts egiten dutenak ere, partekatzen baditugu: “Begira, guk hau egin genuen eta erabateko porrota izan zen, honengatik eta honengatik”. Ba, hori askoz interesgarriagoa litzateke.

      Dena dela, bada benchmarking-ak kritikatzen dituenik ere. Haien ustez, bide bat dira esperientzia aitzindariak kopiatzeko, aurrera egin, proposamenak planteatu eta ekimen aitzindariak abiarazi beharrean. Getkei Foroaren hitz hauek baliagarriak izan daitezke eragozpen horiei erantzuna emateko, ideia berriak sinergiaren bidez sortzea proposatzen baitute: 
 


Ona da beti mota honetako foroak sortzea. Aukera ematen baitute enpresa txikiek beren ikuspuntuak konpara ditzaten kudeaketan eta enpresa-gaietan arituak diren kanpoko pertsonekin. Horrek bidea ematen du ideia berriak sortzeko.

      Erakunde sustatzaileak, Getkei Foroari buruz ari dela, nabarmentzen du enpresa parte-hartzaileek jakin-mina eta kezka erakusten dutela ezagutza eskuratzeko: 


Haientzat oso interesgarria zen. Izan ere, jende horrek ez du denbora luzerik eman kanpoan, ez daude erreta bilera asko egin dituztelako. Oso ongi funtzionatu du jakin-min handia zutelako beste jende batek zer egiten zuen ezagutzeko.

      Era berean, azpimarratzen dute kezka horrek berak sentiberatasuna eman diela informazio eta ezagutza berriak hartzeko. 


Emaitzarik onena pertsona hauen sentikortasuna izan da kudeaketari dagokionez. Helburuetako bat izan da jakinaraztea zer aukera dagoen produktuak, prozesuak, harreman-sareak, itunak eta lankidetzak maila guztietan kudeatzeko orduan. Gu saiatu gara azaltzen zer egiten ari den mundu mailan eta zer egiten duten enpresa aitzindariek ildo horretatik.

       Ezagutza berriak eskuratzeko nahi horrek, kasu askotan, formazioa eta etengabeko ikaskuntza eskatzera eraman ditu enpresak. Eta formazio hori foroan bertan parte hartzen dutenen lankidetzaren bitartez kudea daiteke. Bergara Foroan, eskaera horrek esperientzia berri bat abiarazi zuen: 

 


Bergarako UHUNk ere (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala) parte hartzen du foroan. Jabetu ginen premia handia genuela pertsonak formatzeko eta gaitzeko. Eta pertsonak formatzeko arlo horretan haiek eginak dituzte ikerlan batzuk formazio-planei buruz. Formazio-plan horiek Miguel Altuna Institutuan eta UHUN-n prestatzen ari gara. Ikastaro teknikoak dira mekanika esparruan, metalografiaren zenbakizko kontrolari buruzko ikastaroak eta abar. Hemendik, ikastetxetik beretik eskaintzen zaizkie ikastaroak. Eta psikologia-ikastaro batzuk ere ematen dira UHUNko Psikologia Departamentuan zuzendaritza-taldekideentzat. Ekimen hori prestatzen ari gara, aurkeztu gabe daukagu oraindik. Nik ikusten ditut zure premiak eta laguntza eman diezazuket modu horretara. Hala aurrera egiten dugu guztiok hobeto eta bizkorrago.

      Beste fororen batean ere, Eraberritun esate baterako, formazio-aldi bat eman da prozesuak iraun duen bitartean. Formazioa jaso dutenek adierazten dute oso ikasketa garrantzitsua izan dela; izan ere, formazioak aukera eman die berriztatzea zer den hobeto ulertzeko. Eta orain gai dira informazio-iturri horiek aplikatzeko enpresaren etorkizunerako gogoeta estrategikoa egiten dutenean: 

 

Hasieran, ezagutza-transmisioa izan zen, ereduaren azalpena egitea. Ezagutza- eta informazio-saioak dira. Zuk informazioa jasotzen duzu eta gero aztertzen duzu eman dizuten hori, eta ikusten duzu interesatzen zaizun edo ez. Aurrera jarraitzea erabakitzen baduzu, sakondu egiten duzu eredua, eta gero jende espezializatua etortzen da, kanpoko aholkulariak, eta laguntzen dizute zure egoera hobeto ezagutzen eta eredu hori zure erakundean aplikatzen. Nire ustez, oso eredu ona da. (…) Zeren ereduak, azken finean, esertzera behartzen baitzaitu. Gogoeta sakona egin genuen ordu luzetan, aztertu genuen zer den berriztatzea, irizpidez irizpide aztertu ere. Eta oinarrizko lorpenetako bat da orain  badakigula non gauden.

       Amaitzeko, esan behar da foro guztietan azpimarratzen dela gogoetak partekatzeak aire berriak dakartzala eta ezagutza biziberritzen duela: 

 

Aberasgarriak dira. Ingeniariak garenoi behintzat beste pentsamendu-mota bat ematen digute, filosofikoagoa. (…) Ideiak gogoratu egiten dira, osatu, aberastu. Usteltzen ari den giro itxia sortu beharrean, aire berriak sartzen dira, kontzeptu berriak. Enpresa baten barruan, batzuetan, kontzeptuak ez daude oso argi, edo ez da ikusten nola integratu daitezkeen. Kontzeptu garrantzitsuak dira kudeaketa berriztatzeko eta ez dira kontuan hartzen. (…) Aberastu egiten zaituzte eta egiten ari zarena ikusarazten: zu oso modu zehatzean ari zara, eta ikuspuntua zabaltzen laguntzen dizute.



     Bada gai bat enpresek behin eta berriro aipatzen dutena: berrikuntza. Presente egon da foro guztietan, eta aipatua izan da sarritan alternatiba gisa merkatuen globalizazioak eta gaur egungo lehia globalak dakartzaten mehatxuei aurre egiteko. 


Globalizazioaren mehatxu etengabea… Ez dakit azkenean uholdeak harrapatuko ote dituen hemengo enpresa txikietako asko, baina enpresa ugari hasita dago lehia hori sentitzen.

Mehatxuak: deslokalizazioa, Ekialdeko merkatuaren aurrerakada, langabezia pixkanaka handitzea.


Lehia handiagoa da egunetik egunera: hor daude Ekialdeko eta Asiako herrialdeetan  azpikontratuak egiten dituzten enpresak. Gaur egun baita serie laburretan ere. Gauza asko hemen egin daitezke, baina presarik ez badago, kanpora ateratzen ari dira, Txinara edo Errumaniara, bakar batzuk aipatzearren. Alegia, egundoko lehia dagoela.

     Hasteko, azpimarratu nahi dugu parte-hartzaileek berrikuntza kontzeptua behin eta berriro aipatzen badute ere ez dirudiela errealitate hori presente dagoenik Gipuzkoako enpresa gehienetan. Kudeaketako Berrikuntzaren Foroan partaide izan den enpresa batentzat, horixe izan zen, hain zuzen ere, foroan parte hartzera bultzatu zituen arrazoietako bat: 
 





Enpresa-eredu desberdina daukagu, eta pixka bat desberdina denez, bakarrik sentitzen gara arazoei aurre egiteko orduan: nola konpondu… Izan ere, ideia berriek arazo berriak dakartzate. Eta topo egiten baduzu zure kezka berdinak dituen jendearekin, edo bide bera jorratzen ari den jendearekin, babestuago sentitzen zara, edo laguntza osagarria jasotzen ari zarela iruditzen zaizu. (…)

Hauxe izan zen gure motibazioa: esperientziak trukatzea gure dinamika berean dabiltzan beste enpresa batzuekin; eta gutxi dira nire ustez. Baina bagenekien kudeaketa-ereduaren filosofia antzekoa zela, kudeaketa-filosofia berria edo desberdina zela, askoz ere gehiago bultzatzen baititu pertsonak enpresa-proiektuetan parte hartzera.

      Foro hauetan parte hartu duten enpresek barneraturik daukate berrikuntzaren garrantzia, eta horregatik inplikatzen dira. Baina haien ustez, eguneroko lanaren inertziak arrastaka eramaten ditu enpresa gehienak. Beharbada, krisialdia ondoan edo gertu ez sentitzeak zaildu egiten du berriztatzeko premiaz jabetzea. Mehatxua ez da garbi ikusten, eta beraz motibazioa txikiagoa da. Nolabait esateko, gaur egun ez dago, 90ko hamarkadan bezala, krisialdi sakonean murgilduta gaudelako kontzientzia, ez dugu premiarik sentitzen krisialdia gainditzeko bideak bilatzeko. 


(…) Gizartearen oinarrian ongizatea dago, azken urteotan bizi izan dugun oparoaldia. Jendeari garbi hitz egin behar zaio: “Aizu, esnatu beharra daukagu, bestela bost urte barru…” Batzuek “bai, bai” erantzuten dute; eta beste askok: “Tira, ba, iristen denean, pentsatuko dugu zer egin”. Nire ustez, hori traba handia da.


Nik uste dut mehatxu handia daukagula etorkizunean: nola inplikatu benetan berriztatzaileak ez direnak. Baliteke gai hori bost axola izatea, kezkaturik bizi baitira egunerokoarekin. Eta esaten dute: “Berrikuntza, mesedez!, horrek ez dauka garrantzirik. Hemen saltzeak eta fakturatzeak inporta du”.


Zer gertatzen da kasu gehienetan? Ba, enpresa txikiak oso bilduta daudela beren baitan, egunerokoari bakarrik erreparatzen diotela. Eta orduan honekin saiatzen gara geldiune bat egin dezaten, aukera berriak ikus ditzaten, presta daitezen etorkizuneko erronkei aurre egiteko.


Enpresetako askok ez dute berrikuntzarik egiten hau diotelako: “Produktu hau modu berean egin izan dugu beti eta ondo joan zaigu”. Baina errealitatea aldatzen ari da. Egia da, enpresa askok modu berean lan egin dute beti eta ondo joan zaie, baina egun batean esaten dizute enpresa bat ixteko zorian dagoela, edo neurriz kanpoko galerak izan dituela.

      Neurri batean, enpresek beldur handia diote aldaketari, pentsatzen dute arazoak etorriko zaizkiela frogaturik dituzten prozeduretan aldaketaren bat eginez gero. 


 

Gaur egun bultzatzen da beste batzuen bideak jarraitzea, oso pertsona ordenatua izatea, oso sendoa, berrikuntza gutxi egitea. Berrikuntzak hutsegiteak dakartzalako. Nik ez dut ikusten gehiengoaren gustukoa denik.




Askotan auzi hau planteatu beharra dago: “Eta egiten ez badut, zer gertatzen da?”. Enpresa asko kontserbadorea izaten saiatu da, eta Asiako lehiakideak merkatua jaten ari zaizkie. Enpresa horiek garai batean oso toki sendoa hartu zuten merkatuan, eta pentsatu zuten: “Zertarako aldatu behar dugu? Aldatuz gero, sekulako nahaste-borrastean sartuko gara agian”. Ba, begira, nahaste-borraste horretan ez sartzearren, nahaste-borraste handiagoan sartu zara: enpresa ixteko zorian zaude, edo zure langile askori kontratua berritu ezinda, edo plantilla murrizte gogorrak egiteko zorian, aurre-erretiroekin, kalte-ordainekin eta abar.

      Eta, gainera, badago beste eragozpen bat: berrikuntza kontzeptua definitu gabe dago. Enpresa-zuzendaritza askoren ahotan dabil, baina termino zehaztugabea da, estrategiarik gabeko helburua. Berrikuntza terminoa polisemikoa da, eta enpresaren esparruan esanahi —edo ñabardura edo erabilera— ugari hartzen ditu, enpresa bakoitzaren arabera. Zenbaiten ustez, berriztatzea ideia berriak modu eraginkorrean ezartzea da, pentsamolde bat da, arazoak bide bat dira balore berriak sortzeko; beste zenbaitek uste du aldaketak egitea dela garrantzitsuena; hainbatentzat, arriskua hartzea da; beste batzuentzat, irekia izatea. Ikus ditzagun foroetan egin diren gogoeta batzuk berrikuntzaren inguruan: 


Berrikuntza hitza funtsezkoa da. Enpresa txikiak egunero ari dira berrikuntzak egiten, agian ez dute erabiltzen hitz hori, baina hobekuntzak egiten ari dira etengabe, enpresa handiagoek bultzatuta.


Plan estrategikoan, helburu nagusietako bat Goierriko enpresak gero eta lehiakorragoak izatea da, hobetzen joateko aukera edukitzea, enpresa berriak sortzea… Hau da azken helburua: nola lortu gure enpresa txikiek eta ertainek maila guztietako hobekuntzak egitea.


Hasierako bultzada, nolabait esatearren, berrikuntza-ereduak aztertu eta nork bere eredu propioa garatzea zen. Eta horrek aukera ematen zien enpresei berrikuntza kontzeptua definitzeko, eta erremintak ematen zizkien nork bere burua ebaluatzeko eta hobetzeko planak garatzeko.

     Jadanik esan dugunez, berrikuntzaren ikuspegietako bat irekia izatea da. Ikuspuntu hori hartu dute oinarritzat foroetako batzuek: 

 


Antolamendu-eredu berriak bilatu behar dira: langile guztiek ahalmen handiagoa behar dute merkatu globalizatuak berekin dakartzan erronkei erantzuna emateko. Kontua ez da hobekuntzak egitea betiko egitura hierarkiko-funtzional itxia kontserbatzen duten erakundeetan. Ez, ez… Ateak zabaldu behar dira, askoz ere pertsona gehiago jarri behar dira kanpoaldearekin harremanetan. Eta hala seinaleak hautemango dituzte, erantzuna ematen ikasiko dute, munduari zabalduko dira eta seinale horiek ulertzeko baldintza egokiak sortuko dituzte, eta ikasiko dute erantzuna ematen eta merkatu globalizatu horretan eraginkortasunez ibiltzen.


Asko hitz egiten da berrikuntzari buruz… Azkenean, badirudi saiatzen ari zarela patente berriak sortzen. Nire ustez, berrikuntza gaur egun irekia egotea da. Azken batean, berrikuntza egunez egun sortzen da, irekita egonez gero noski. Komunikatzeko, erne egoteko, entzuteko eta inguruan gertatzen ari diren gauzak ikusteko gaitasuna da. Ildo horretatik, nik uste dut berrikuntza etengabe ematen dela bizitzan.

Eduki beharreko jarrera irekia da. Eta jarrera hori azkenean balore bat da. Beharturik gaude denok berriztatzera.

      Batzuek berrikuntza irekia izatearekin lotzen badute ere, ez dago arazorik aldaketarekin ere lotzeko. Ideia horri buruz hitz egin dute foro batzuetan: 

 

Berrikuntza jarrera bat da, enpresa bizitzeko modu bat, kezkaturik egotea gauza berriak deskubritzeko… Bide honek ez dauka amaierarik.


Proiektu honen asmoa ez da inolaz ere konponbide aurrefabrikatuak eskaintzea; izan ere, gure ustez, aldaketak enpresa barrutik etorri behar du. Proiektu hau ahalegin bat izan da enpresa txikiei indarra emateko aldaketak egin ditzaten. (…) Jende honek laguntza behar du aldatzeko, aukera berriak bilatzeko, sektoreak aldarazteko…



Aldaketak merezi du benetan. Saiatu beharra dago. Normalean, aldez aurretik pentsatzen eta aztertzen dira. Nik neuk aldaketak egiteko gonbita egiten diet enpresei.

     Fororen batean aipatu da berrikuntza gehiegi erlazionatu dela Informazioaren eta Ezagutzaren Teknologia Berriekin, hutsegite handia dela berrikuntza teknologian soilik oinarritzea: 


Aldaketa guztiak teknologikoak izan dira. Dena izan da Informazioaren eta Ezagutzaren Teknologia Berria. Eta horrek mesede egiten die teknologian diharduten enpresei soilik. Enpresa horiek euskarri moduan jokatu behar dute, harremanak eta pertsonen ekimenak bultzatu behar dituzte. Ezin dugu oinarritu enpresa-kudeaketa guztia Informazioaren eta Ezagutzaren Teknologia Berrietan. Teknologiak euskarri hutsa izan behar du.

      Anbiguotasun handia dagoenez berrikuntza kontzeptuaren inguruan, foro batzuetako lehen zeregina terminoa bera definitzea izan da: 

 

Gure lehen helburua berrikuntzaren definizio propioa egitea zen. Zaila da gure helburu guztiak laburtzea, baina garrantzitsua, benetan garrantzitsua dena, berrikuntza zer den jakitea da, edo hobeto esanda, berrikuntza guretzat zer den jakitea. Baita berrikuntza nola kudeatzen dugun ere; zeren ezin baitugu ahaztu berrikuntzaren kudeaketa-eredu bat daukagula esku artean, eta horrek esan nahi du aurrena jakin behar dugula zer den guretzat berrikuntza eta gero erabaki zer egin berrikuntza horrekin.



Konplexua da enpresaren berrikuntzaz edo partaidetzaz hitz egitea. Ez da zerbait begien bistakoa, hitz gutxitan definitu eta jendeak berehalaxe uler dezakeena. Kontzeptu zabala da, etereoa, konplexua… Eta ondorioz, norberaren abiapuntua kontuan harturik, oso modu desberdinetan bizi daiteke. Baina, nire ustez, emaitzak oso onak izan dira, garbi ikusi baitugu zer ezaugarri eduki behar dituen erakunde batek berriztatzailea izateko.

      Definizioak ugariak badira ere, foro guztiak bat datoz honetan: berrikuntza pertsonengan oinarritzen da. 


Eraberrituren ereduan garbi daukagu berrikuntza pertsonengan sortzen dela. Gure berrikuntza pertsonek egunez egun egiten dituzten ekarpenetan oinarritzen da. Pertsonarik gabe ez dago berrikuntzarik. Eraberritu berrikuntzan oinarritutako eredua da, eta berrikuntza hori aldi berean pertsonengan oinarritzen da.


Berrikuntza ez da teknologia soilik. Pertsonengan gertatzen den berrikuntza handiagoa da seguruenik teknologiak dakarrena baino. Ondorioa: I+G+B ez dagokio soilik teknologiari, I+G+B ereduan pertsonei buruz hitz egiten ari gara. Eredu honetan funtsezkoa da pertsonen kudeaketa. Pertsonen gaia da, seguruenik, garrantzitsuena.

      Baliteke indarra pertsonengan jartzea bera izatea foro bat berriztatzaile bihurtzen duena: 

Zer izan daiteke berriztatzailea? Foroa bera da berriztatzailea.

 


Alderdirik berriztatzaileena taldea izan da, lortu izana talde ezin heterogeneoago hau biltzea. Sarritan “berrikuntzaren alde egingo dugu” esaten dugunean, enpresetan pentsatzen ari gara. Eta nire ustez, enpresak ekonomiaren osagai garrantzitsua dira bai, baina hor daude enpresa horietan lan egiten duten pertsonak ere, eta udalak (lursailak eta azpiegiturak jartzen baitituzte enpresen eskura), eta Foru Aldundia, eta Jaurlaritza… Gu saiatu gara mundu hori guztia biltzen. Ez daitezela izan soilik enpresak, edo SPRIak (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak), edo garapen-agentziak… Lanbide Heziketako eskola oso garrantzitsua da, han formatuko baitira enpresetako etorkizuneko langileak. Beste hainbeste esan daiteke Unibertsitateari buruz ere.

      Foroa erreminta berriztatzaile garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da foro horren helburua berrikuntzarako estrategia bat diseinatzea denean. Hala egin du Getkei Foroak; izan ere, erreminta bat sortu du Gipuzkoako enpresa txikiak kudeaketa-eredu berriztatzaileetan sartzen joateko. Baita Eraberritu Foroak ere, pertsonengana bideratutako berrikuntzaren kudeaketa-eredu berria eraiki baitu. 

      Bergara Foroan, berriz, bestela jokatu dute, baina emaitza interesgarria lortu dute haiek ere: jarraikortasuna zabaldu dute, eta gainera, berrikuntzaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu dituzte lurraldeko enpresa guztiei zuzenduak. Orobat, Goierri Foroan bost ekintza berriztatzaile diseinatu dituzte (Ikus “Aplikazioaren Foroa” atalaren amaiera), eta metodologia bat asmatu dute bost ekintza horiek gauzatzeko. Eta gainera, eta hori da beharbada positiboena, ez zaie batere zaila gertatu: 
 


Hasiera batean pentsatzen genuen berriztatzea beste gauza batzuk zirela, eta azkenean nahiko gauza errazak dira, eta hala eta guztiz ere, berrikuntza ekartzen dute gure lurraldera, eta ekarpen berriak egiten dituzte.

 

     Erakunde guztietan pertsonak dira baliabiderik funtsezkoena. Eta arrakasta lortzen dute batez ere barruko pertsonak kualifikaturik eta inplikaturik baldin badaude. Erakundeek premia dute langileek ideiak eta hobekuntzak proposa ditzaten, gaitasun berriak eskura ditzaten… Partaidetza, berrikuntzarekin batera, estrategiarik eraginkorrena da ezagutzaren garapena eman dadin enpresetan. Eta horrek aurrerapena dakar lehiakortasunean eta emaitzetan. Hala ematen du aditzera Benchmarking Foroak Partaidetzaren inguruan egindako txostenean1:


Enpresa arrakastatsua izateko, gai izan behar duzu taldearen baliabide intelektualak erabiltzeko. Eta hala langileek ezagutza berria sortuko dute, zabaldu egingo dute enpresa osoan, eta teknologia eta produktu berrietan aplikatuko dute (BERRIKUNTZA).

     Argitalpen honetan jasotzen dira Partaidetzaren inguruko Benchmarking Foroak egin dituen gogoetak pertsonek enpresetan daukaten parte-hartzeari buruz, baita Gipuzkoako enpresetan ildo horretatik egin diren esperientziak ere. Hau da Foroaren helburua: 

 


Ikusi genuen bazegoela modu bat langileen partaidetza bultzatzeko —edozein mailatan, ez kapitalari dagokionez bakarrik—: ekintza eredugarri batzuk aukeratzea, era horretako esperientziak ezagutzera emateko Gipuzkoako enpresa guztiei.

Erabaki genuen partaidetza-motak aztertzea, partaidetza-esperientzia zehatzak ikustea, partaidetzan nabarmentzen ziren enpresak ezagutzea… eta ondoren jardunaldi batzuk antolatzea partaidetza horien berri emateko. Eta hortik abiatuta, liburu batean jasotzea adibide guztiak, uste baikenuen jardunaldietan aurkez zitezkeenak baino kasu gehiago egongo zirela.

     Ezusteko handia hartu zuten ikustean oso zaila dela kooperatibak edo lan-elkarteak izan gabe partaidetzan nabarmentzen diren enpresak aurkitzea. Egoera hori oso bestelakoa da Europan edo Estatu Batuetan, herrialde horietan partaidetzak babes handia jasotzen baitu estatutik, laguntza fiskal gisa: 



Ikusarazi nahi genien enpresariei badirela, kapitalaren partaidetzaz gainera, beste partaidetza-maila batzuk ere onuragarriak direnak enpresarentzat. Orduan, adibide bila hasi eta izugarri kosta zitzaigun aurkitzea. Hasieran uste genuen hautaketa egin beharko litzatekeela askoren artean, baina ikusi genuen oso pertsona gutxi, oso enpresa gutxi zirela, eta hori desengainu handia izan da.

     Foro honen iritziz, gure gizartean oztopo kultural handiak daude, enpresaren partaidetza-ereduen garapena eragozten dutenak. Eta egiaztatu dute oztopo horiek are handiagoak direla gazte jendearengan:   



Badirudi 40 urte lanean daraman pertsonari nekezago egingo zaiola, baina gero ez da horrela gertatzen. Enpresa hori2 jabetu zen gazte jendeak, kultur maila altuko jendeak, izan ere lizentziatuei buruz ari gara, ez zuela erantzukizunik hartu nahi bere gain. Eta hori oztopoa zen enpresaren garapenerako: enpresaren etorkizuna arriskuan egongo zen profil-mota horiekin. (…) Harrigarria zen langileen mailagatik, lizentziatuak baitziren gehienak.

     Enpresetan zabalduen dagoen kultura, Kudeaketako Berrikuntzaren Foroaren arabera, hierarkikoa da: 


Oso eredu hierarkikoa da. Bakoitzak oso garbi dauka zer egin behar duen, baina oso arlo mugatuan jarduten du, eta sormena eta partaidetza ez dira bereziki bultzatzen. Askoz gehiago bultzatzen da betiko arauak jarraitzea.

     Horregatik, azpimarratzen dute garrantzitsua dela era horretako praktikak zabaltzea: 



Niretzat, interesgarria izan da hainbat arlotan egindako partaidetzak jasotzen dituen ikerlana ezagutzea, enpresa-eredu batzuekin hastea… Hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Nire ustez, hedatzea da kontua. Guk esku-liburu asko argitaratu ditugu, eta beste tirada bat egin behar izan dugu; izan ere, gure ustez, material hori zabaldu egin behar da, ezagutarazi behar zaio jendeari.



Oso garrantzitsua da mota honetako mezua esparru horretan ari ez direnengana ere helaraztea, interesa senti dezaten partaidetza handiagoko erakundeak izateko. Ikusarazi behar zaie berriztatzea posible dela, premiazkoa eta komenigarria dela gai hauetan sartzea, ez direla beren betiko munduan itxi behar, beren betiko kontrol-kudeaketan… Uste dut enpresetako askok ahuldu egiten dutela beren etorkizuna. Zenbat eta enpresa gehiagorengana heldu, hobe.


Nik jendartera zabalduko nuke dena. Kasu honetan argitalpen bat egingo nuke,  ikusarazteko enpresei eta langileei, haiek baitira berriztatzaileenak, hau egingarria dela. Ulertarazi behar zaie erreleboaren esparru honetan berriztatzailea izan daitezkeela beren enpresaren barruan ere, lan egiten ari diren eremuan hain zuzen.

     Informazioa zabaltzea, ez dago zalantzarik, oso beharrezkoa da. Izan ere, foro guztien iritziz, pertsonen zeregina funtsezkoa da edozein erakunderen arrakastan: 

 

Berrikuntza, nire ustez, bi aldetatik eman da. Lehena: inoiz baino gehiago hitz egin dugu globalizazioaz eta munduaz oro har; eta, bigarrena eta garrantzitsuena: inoiz ez bezala hitz egin dugu pertsonei buruz prozesu honen giltzarri gisa. Uste dut hil edo biziko berrikuntza dela gaur egun. Kudeaketa pertsonengan hasten da, berrikuntza pertsonengan hasten da, ekipoa pertsonengan hasten da… Eta lehen hainbat jende zegoen konpromiso handiarekin lanean, oso garbi zeukana pertsona dela giltzarria. Baina aurreko gogoetetan oso gutxitan hitz egin da horri buruz, eta oraingoan gai nagusia izan da.


Orain hartzen ari garen sisteman, pertsona da elementurik nagusiena, eta beraz baliatu behar dugu erakundeko pertsona guztiek daukaten ezagutza guztia. Bestela, mugatu egiten dugu lehiakorrak izateko gaitasuna. Sistema parte-hartzaileagoak sortzen ari gara: pertsona bakoitzak kudeatzen du bere lan-eremua, eta kontrol-sistemak ere egokitu behar dira.





Ikusi dugu pertsonekin lan eginez gero beti dagoela aldatzeko aukera. Zenbait kasutan, ezinezkoa da, eta orduan bestelako erabakiak hartu beharko ditugu. Baina hau ere egia da: zuk pertsonei aukera bat ematen badiezu eta ez badiezu ezer exijitzen biharko, hau da, uzten badiozu pertsona bati maila guztietan parte hartzen, eta lagundu egiten badiozu partaidetza horretan, eta hanka sartzeko aukera ematen badiozu, pertsona horrek positibotzat hartuko du partaidetza, aberasgarritzat joko du bere lana, eta ez zigor gisa edo mugak jartzen dizkion exijentzia gisa. Partaidetzak erantzukizuna esan nahi du, baina baita poza ere. Oso positiboa da gauza horiek landu daitezkeela ikustea. Horretaz ere jabetu gara, eta jabetu gara enpresak hasi direnean elkarrekin hitz egiten.




Pertsonen partaidetza bultzatzen ez badugu, ezin dugu jakin berriztatzeko gai ote garen. Berrikuntza lantegi batean has daiteke, edo tailer batean. Gerta daiteke pertsona bat makina baten aurrean aritzea lan monotono bat egiten, eta halako batean bururatzea badagoela beste modu bat gauzak egiteko. Edo enpresaren zuzendaritzan ere sor daiteke. Hau da, lanpostu jakin batean jarduteak ez dizu ahalmena murrizten berrikuntzan parte hartzeko. Orduan, jakina, nola kudeatu behar da berrikuntza? Nola egokitu aldaketara? Aldaketara egokitu nahi baduzu, aukera eman behar diezu pertsona guztiei aldaketaz jabetzeko, berrikuntza-proposamenak egiteko, berrikuntzan parte hartzeko.



Asko bultzatu dugu narratibaren gaia. MIKen sentiberatasun handia dugu narratibarekiko, eta horrek izugarri errazten ditu gauzak. Egin ditugun lan guztietan, baita bideoak edo “knowledge coffee” deiturikoak egin ditugunetan ere, sekula ez ditugu murriztu gauzak datuetara, alderantziz, saiatu izan gara beti pertsonen narratiba bultzatzen. (…) Ez dago zalantzarik, gure enpresen tamaina txikiak lagundu egiten du landu nahi dugun pertsona-kontzeptua garatzen.

      Pertsonen partaidetza bultzatzen badugu enpresan, ekintzailetza ere bultzatzen ari gara nolabait. Hona hemen nola ulertzen duen ideia hori Errelebo Foroak: 




... Kontzientzia harrarazi behar diegu langileei espiritu ekintzailea berengan gara daitekeela, eta jadanik garatzen ari dela. Hasiera batean, bokazio falta gainditu behar da, baita langileak ez ezagutzea ere zein diren enpresa kontrolatzeko aldagaiak. Ulertarazi behar zaie haiek gai direla enpresa-mota berri bat sortu eta finkatzeko. Eskaini behar diegu hasiera-proiektu berezi eta koherente bat, lehen unean hartu beharreko neurriak jasotzen dituena eta iraupen-bokazioa duena, eta lortu behar dugu proiektu horrek merkatuan lehiakorra izateko bete beharreko baldintza guztiak betetzea. (…) Ikusarazi behar diegu langileei formazioa eta laguntza izanez gero edozein izan daitekeela ekintzailea.

      Sentsibilizazio-lan hori enpresaren jabeekin zein langileekin burutu behar da. Oso garrantzitsua da zuzendaritza-taldea inplikaturik egotea, Eraberritu Foroan esaten den bezala: 


Lidergoa garrantzitsua da, lidergo eredugarria. Liderra bera, edo zuzendaritzako taldekideak, inplikaturik egon daitezela, kezka daitezela, parte har dezatela hobekuntza-taldeetan, lan egin dezatela zuzenean erakundeko pertsonekin.

      Goierri Foroak, sektore guztietako ordezkariak baititu, lortu du partaidetza eta espiritu ekintzailea eskualde osoan zabaltzea: 


Mundu guztiak hartu du parte. (…) Duela urte batzuk hau pentsatzen genuen: “Asmatua dago dena”. Eta gaur egun, foro hauetako batean parte hartu dugu eta hau esaten dugu: “Badira martxan jartzeko moduko proiektuak eta ideiak, eta gu gai gara hori egiteko eta aitzindariak izateko ere”. Pasatu gara pasiboak izatetik aktiboak izatera.

      Langileek parte hartzen badute enpresan, sustatu egiten da profesionalik onenak enpresan geratzea, bultzatu egiten dira langileak erakundearen martxan parte hartzera, aukera berriak eskaintzen dira nork bere lanbidea gara dezan, eta motibatzen dira langileak enpresaren helburuak lor daitezen. Eraberritu Foroan, berriztatzeko kudeaketaren partaidetza-ereduak sail asko hartzen zituen bere baitan: 

 

 

Enpresetako lan-taldeetan hainbat sailetako jendea biltzen zen. Bestela esanda, sarritan, enpresa bat artxipelago bat izatera hel daiteke, eta sail guztiak irlak izaten dira. Oso harreman gutxi dago, gerentziarekin izan ezik, eta orduan badirudi enpresa bertikal samarra dela. Sail batzuk elkartzen direnean, berriz, askoz alderdi gehiago ikusten dira, nahiz eta sail bakoitzak erantzukizun handiagoa daukan alderdi bakar batzuetan soilik. Baina aldaketa horrek aukera ematen zien ikusteko zer toki betetzen zuten enpresaren multzoan, eta laguntzen zien beren buruaren ikuspuntu osatuagoa edukitzen. Eta hori oso garrantzitsua da gure ustez. (…) Hartu-eman gurutzatua lortu nahi izan dugu, ez bakarrik Gipuzkoan egon daitezkeen agente guztien artean, baizik eta enpresa barruko sailen artean ere. Enpresa bakarra da, sailak asko izan daitezke, baina enpresa bakarra da. Eta berrikuntzak ez du zertan sail bakar batean gertatu, guk bilatzen dugu berrikuntza enpresa osoan eman dadin, multzo osoan alegia.

      Kudeaketako Berrikuntzaren Foroak azpimarratu nahi izan du erakundeko edozein pertsonak daukala kudeaketan parte hartzeko aukera: 

 

Lortu dugu alderdi funtsezkoenak identifikatzea: erakundea zabaltzea, pertsonei erantzukizun handiagoa ematea, gauzak egiteko askatasun handiagoa ematea, kontrol-sistemak kentzea, pertsona senti dadila ezagutzaren langile gisa, senti dezala gai dela besteek entzun diezaioten eta kontuan har dezaten, gai dela mugitzeko eta erabakiak hartzeko. Uste dut gauza horiek nahiko argi geratu direla, aurretik landutako esperientzietan eta kontzeptuetan oinarritu baikara. Nire iritziz, oso aberasgarria izan da partaide guztientzat.

      Belaunaldi Erreleboaren Foroak adierazten duenaren arabera, hasiera batean baziren partaide batzuk proiektuan sinisten ez zutenak, ez baitzuten ikusten nola sor zitezkeen elkarte berriak erreleboaren bitartez. Baina, Errelebo Foroaren prozesu guztia behin amaiturik, enpresetako baten jabeak erabaki zuen bere jabetza 40-50 langileren eskuetan uztea, saldu beharrean; nahiz eta ez zeukan enpresa saltzeko inolako eragozpenik, oso kokagune ona baitzeukan merkatuan. Eta orduan lan-baltzu bat eratu zuten. Beste hitz batzuekin esateko, foroan egindako lanaren ondorioz, lortu genuen enpresa-transmisio bat erabat burutzea. Eta gainera, esperientzia horrekin jarduera-eredu berri bat eskuratu genuen, beste enpresa batzuetan ere aplikatzeko modukoa. Foroaren iritziz, proiektu hau oso onuragarria izan da: 


Niri proiektu hau izugarri gustatu zait. Egiaztatu ahal izan dut, baita lan-baltzuaren filosofiaren aldetik ere, lan-baltzua erreleboari bete-betean erantzuten dion figura dela. Nire ustez, proiektu perfektua izan da benetan, proiektu izugarri ona.

 

     Etorkizunaren Foro honetan, lehenik eta behin, zazpi foro parte-hartzaileetako bakoitzak zer prozesu jarraitu duen deskribatuko da, eta ondoren, foroen jarraipenari buruz hitz egingo dugu. 

     Benchmarking Foroarekin hasiko gara. Foro honetako lehen fasean, partaidetza-eredutzat har daitezkeen enpresak identifikatu ziren, partaidetza bere esanahi zabalenean harturik, bai kudeaketaren, bai kapitalaren partaidetza gisa. Azterketa hau sakontzeko, Enpresa Partaideen Europako Kongresuan parte hartu genuen, eta horrek aukera eman zigun gure lurraldeari dagozkion datuak testuinguru global batean kokatzeko. Ondoren, jardunaldi batzuk antolatu ziren Langileen Partaidetzari buruz enpresan. Jardunaldi horietan, lehen fasean identifikaturiko enpresen berri emateaz gainera, zenbait unibertsitatetako hizlariek partaidetza aztertu zuten hainbat ikuspuntutatik. Eta informazio hori guztia argitalpen honetan jaso zen: Pertsonen partaidetza enpresetan. Enpresen antolamendu- eta kudeaketa-modu berriak, pertsonen partaidetzan oinarrituak, haiek baitira lehiakortasunaren giltzarri. Foroaren garapen-aldian egin ziren bilerak iraunkorrak izan ziren, eta gutxienez hilean behin gauzatu ziren. 

     Hauexek dira Bergara Foroaren partaideak: Antzuolako, Elgetako eta Bergarako enpresa batzuen gerenteak; Miguel Altuna Institutuko zuzendaria eta kalitate-burua; eta Bergarako UHUNko (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko) zuzendaria. Foro honetako bilerak ere hilean behin egin ziren. Saio guztiak aholkulari aditu batek dinamizatu zituen. Lehen saioak foroaren gaia zehazteari eskaini zitzaizkion: ezagutzaren kudeaketa gaur egungo testuinguru historikoan eta sozio-ekonomikoan. 
 



“Zer egin daiteke? Zer arazo daude?” “Lehen ere arazoak izan ziren.” “Bai, baina lehen zer egin zen?” Datuak atera egiten ziren pixkanaka: “Lehen, 90eko hamarkadan, kalitatearen gaiarekin konpondu genuen. Eta horren aurretik, teknologiarekin moldatu ginen, teknologia berriekin”. “Gaur egun, makinei esker gara lehiakorrak, baita kalitateari esker ere.” “Bai, baina Ekialdeko herrialdeetan ere badira hainbat pertsona gure teknologia bera dutenak eta merkeago egiten dute lana. Hor dago Txina, haiek ere gure teknologia bera dute.”

      Lehenengo bilera horietan, ezagutzaren transmisioa eta kudeaketa lortzeko asmotan, erabaki zen saio bakoitzean enpresetako batek azalduko zuela nolako kudeaketa-plana erabiltzen duen, garbi adieraziz zer egiten duen eta zer zailtasuni egin behar izan dion aurre. Eta modu horretara, bide bera egiten ari diren enpresek gidaritza bat lor zezaketen. Gainera, deialdi guztietan, Miguel Altuna Institutuak bere esku hartu zuen bileraren akta jaso eta partaide guztiei igortzea. 

      Eraberritu Foroan hainbat esparru elkartu ziren: 



Alde batetik, ereduaren ikerketa- eta finkatze-lana zegoen. Zeregin hori LKS enpresak eta Unibertsitateak garatu zuten. Ebaluatzeko moduko zerbait lortzen genuenean, Gaiari helarazten genion, ebaluatu eta kritika zezan. Eta eredu bat, edo ereduaren bertsio kontrastatu bat, finkatu genuenean, orduan beste fase bati ekin genion: aukera eman zitzaien enpresei proiektuan sartzeko. Eta hor Gaiak lan funtsezkoa egin zuen; izan ere,  deialdia egin zien enpresei, enpresak hautatu zituen, aurkezpenak egituratu zituen, eta enpresen konpromisoa ziurtatu zuen, nolabait, esperientzia pilotuaren faseetan parte hartzeko. (…) Oraingo fasean, enpresek garaturik dituzte beren hobekuntza-planak, eta hobekuntza-jarduerak finkatzen ari dira. Eta, aurrerago esan dugunez, beste fase bat egongo da esperientziak partekatu eta jendartera zabaltzeko.

      Beren hobekuntza-planak garatzeko, enpresek auto-ebaluazio prozesu bat jarraitu behar zuten proba pilotuetan, eta horren aurretik, formazio- eta jarraipen-saio batzuetara joan ziren: 


Nire ustez, mundu guztiak onartua dauka berrikuntza zerbait kritikoa dela, garrantzitsua dela, berriztatu beharra daukagula, ildo horretatik jarraitu behar dugula. Eta horrek, seguruenik, aldez aurretiko kontzientzia bat sortu zuen, oso jarrera ona lortu zuen jendearen aldetik. Datuak ikusi besterik ez dago: partaide guztiak saio guztietara joan ziren.

     Partaidetza bultzatzen duen berrikuntzaren kudeaketa-eredu horren bidez, proba pilotuetan parte hartu zuten enpresek egin beharreko hobekuntzak identifikatu zituzten 8 irizpide hauetan oinarrituz (irizpide horiek, aldi berean, beste azpi-irizpide batzuk zituzten): lidergoa, estrategia, pertsonak eta partaidetza, lankidetza-sareak, antolamendua eta prozesuak, baliabideak, kudeaketa teknologikoa, eta ingurunea. 

      Getkei Foroak metodologia zehatz batean oinarritu zuen bere jarduna: ikerketa estrategikoaren CONex programan. Programa hori MIK erakunde sustatzaileak diseinatu zuen, eta antolamendu- eta kudeaketa-eredu berriak sortu eta garatzeko helburua du, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) eta ezagutzaren trukeak baliatuz. Getkei Foroaren zeregina CONex programaren azterketa eta diagnostikoa enpresa txikiei helaraztea izan zen, eta hala aukera eman zien enpresei oinarri teoriko horretatik abiatzeko. Hori dela eta, oinarri teoriko hori micropyme-etan aplikatzea izan zen enpresek emandako lehen urratsa, eta horretarako kontzeptu hauek aztertu eta egokitu behar izan zituzten: 


a) Estrategia eta Aldaketa. b) Ezagutza Sortu eta Trukatzea. c) Ezagutzaren Langilea. d) Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak. e) Kapital Soziala.

     Kontzeptu horiek aztertu ondoren, bigarren urratsa eman zuten: harremanetan jarri ziren garapen-agentziekin, haiek enpresa txikiei aurkez ziezaieten proiektua. Behin enpresa guztiak aurkitu eta gero, ikerketa-aldiari ekin zitzaion enpresa horietako bakoitzean. 

 


Esperimentazio-prozesua 10 enpresa txikitan garatu da, 4 zonaldetan banatuak. Enpresak hautatzeko orduan, kontuan hartu ziren tokiko administrazio-erakundeek (agentziek eta udalek) proiektuaren aurrean erakutsitako interesa eta proiektuan parte hartzeko balizko interesa izan zezaketen enpresak bilatu eta gomendatzeko gogoa. Proiektuan parte hartuko zuten enpresak hautatu ondoren, saio hauek egin ziren. Hurbilpen-saio bat, enpresa ezagutu eta proiektuaren berri zehatza emateko. Beste bost saio, MIKeko ikertzaile espezialista batek enpresaren esparru jakin bat sakontzeko, lantzen ditugun bost esparruak osatu arte. Beste saio bat nork bere konklusioen berri emateko. Eta beste bi saio taldean (bai erdialdean eta bestea amaieran) proiektuan aztertutako gaien inguruko ikuspuntuak eta esperientziak partekatzeko.

      Ikerketa aktiboak iraun zuen denboran, lan-metodologia bat eraiki zen, etorkizunean esperientzia berriak garatzeko oinarri gisa balioko duena. Proiektuak ez zizkion kanpoko konponbideak eskaintzen enpresari; aitzitik, helburua zen konponbideak enpresaren (kasu honetan mikroenpresaren) eta MIKen arteko lankidetzatik sortzea, eta enpresa bera izango zen zer aldaketa egingo zituen erabakiko zuen protagonista. Bestalde, enpresekin egindako saio guztiak DVDan grabatu ziren, eta dokumentu grafiko horien laburpena talde-jardunaldi batean aurkeztu zen, bakoitzak egindako lanaren berri gainerako enpresei jakinarazteko eta ideia berrien transmisioa eta elkarrizketa bideratuko zituen erreminta gisa erabiltzeko. Hona hemen Foroaren kideetako batek nola azaltzen duen prozesua: 
 

 

 



Oso saio laburrak egiten genituen. Enpresa bakoitzak 20 bat ordu eskaini dizkio zeregin horri, 7 saiotan banatuak. Gero, errealitatean saio gehiagotara joaten zara, dokumentuak eramateko eta abar. Ahaleginak egin ditugu prozesu osoan jende honek ahalik eta gehien aprobetxa zezan gurekin emandako denbora. Eta horretarako, guk lana eramaten genuen etxera. Horregatik grabatzen genituen saioak, etxean ikusi eta konklusioak ateratzeko material horretatik. Hori alde batetik, eta bestetik, saiatzen ginen saio bakoitzera pertsona desberdin bat eramaten, arlo jakin batean espezializaturiko aditu bat. MIKek aukeratua zuen arlo bakoitzean gai horretan aditua zen pertsona bat. (…) Eta MIKen bideoa jarri, eta enpresara bisitan joaten zen teknologia-adituak ordurako ikusita zeukan bideoa, eta orduan hara joan eta ez zuen premiarik galderak errepikatzeko, teknologia-gai zehatzei buruz hitz egiten zuen, eta beti errepikatzen zen zerbait ondo ulertzen ez zena, baina oinarrian bermaturik zegoen pertsona hori 10 minuturen buruan hasiko zela hitz egiten hitz egin beharrekoaz, eta hala bazirudien enpresako beste partaide bat zela. Jokamolde hori proiektuaren alderdi sendoenetako bat izan da: enpresetako kideek denbora laburra eman behar izan dute lanean, eta aldi berean, guk etxera eramaten genituen bideo-grabaketei esker nahiko planifikaturik eramaten genituen gauzak hurrengo bilerara.

     Goierri Foroa eskualdeko garapenerako Goieki agentziak antolatu zuen. Foro honek harreman zuzena du Goierriko eskualdean burutu den gogoeta estrategikoaren prozesuarekin. Bi mailatan lan egin zuten. Lehen mailan, lan-taldeak parte hartzen zuen, gogoeta estrategikoaren prozesu horretan aztertuak zituena hainbat alderdirekin erlazionaturiko kontuak: ekintzailetza, berrikuntza, enpresaren lehiakortasuna eta abar. Bigarren mailan, berriz, “organo aholku-emailea” deituriko taldea zegoen, lehen lan-taldearen jardunetik ateratako konklusioak aztertzeko zeregina zuena. Lehen taldea 20-25 bat pertsonak eratzen zuten, eskualdeko hainbat sektore sozio-ekonomikotatik etorriak: enpresak, sindikatuak, udalak, elkarteak, formazio-zentroak, unibertsitatea eta abar; eta aholkulari-talde baten laguntza zeukan. Organo aholku-emailean, eskualdeko 4 enpresa handiren ordezkariak zeuden: CAF, Irizar, Ampo eta Orklo; Foru Aldundiaren eta Goiekiren ordezkariekin batera. Proiektuak iraun duen denboran, organo aholku-emailea hiru aldiz bildu da, alde batetik lehen lan-taldean aurkeztutako proposamenak aztertzeko, eta bestetik ekimen berriztatzaileak Goierriko eskualdean sor zitezen zer jarduera-mota burutu behar ziren erabakitzeko. Lehen lan-taldeak 4 bilera egin ditu. Lehendabizikoan, eskualdeko diagnostikoa egin eta etorkizunean gainditu beharreko erronkak erabaki zituzten. Bigarrenean, jarduera batzuk proposatu zituzten erronka estrategiko bakoitza gainditze aldera. Hirugarrenean, jarduera-epeak finkatu, arduradunak hautatu eta aurrekontua prestatu zuten; eta hainbat fitxetan jaso zituzten datu horiek guztiak. Laugarren eta azken bileran, emaitzak aztertu eta adostu zituzten, eta prestatu egin zituzten organo aholku-emaileari aurkezteko. 

     Kudeaketako Berrikuntzaren Foroa sortzeko, erakunde sustatzaileak hainbat enpresatako gerenteak deitu zituen lehen bilera batera; izan ere, bide berriak zabaldu nahian ari ziren nola edo hala beren kudeaketa-ereduetan. Bileraren aurretik, foroaren helburuak helarazi zizkieten idatziz: 

 

Batetik, lankidetza-proiektu berriak sortzea enpresa-sare berriztatzaileago bat bultzatzeko partaidetzari dagokionez; eta bestetik, ezagutzaren gizartean indarra hartzen ari diren gai, sistema eta irizpide propioak planteatzea.

     Erakunde sustatzaileak foroaren kideengan eta haiek hartutako erabakietan utzi zuen protagonismo guztia. Ideien, kontzeptuen, lan-ildoen eta esperientzien trukaketa bultzatu zuen, enpresa parte-hartzaileek alderdi horiek guztiak sendotu eta aberas zitzaten. Eta aukera eman zien partaideei harreman-sare bat antola zezaten. Hilean behin elkartu ziren urte oso batean.  



Berdin jokatu zen bilera guztietan: kontuan hartzen genuen noraino iritsiak ginen egun hartako eztabaidan, eta horren arabera erabakitzen genuen, azken ordu-laurdenean, zer gai hitz egingo ziren hurrengo bileran. Eta gainera, bakar batzuek konpromisoa hartzen zuten zerbait prestatzeko hurrengo bilerarako: aurkezpen jakin bat, kontzepturen bat, esperientziaren bat. Oro har, aurkezpen laburrak izaten ziren, 15-20 minutukoak edo ordu-erdikoak, eztabaidari oinarri bat jartzeko adinakoak.

      Hona hemen Belaunaldi Erreleboaren Foroa nola sortu zen:  

 



Asleren sorreratik, lehen lan-baltzuak krisian zeuden enpresetatik sortu ziren, edo krisialdia dela-eta ixten ari ziren sozietate anonimo tradizionaletatik, edo bertan behera uzten ziren jabetzetatik. Izan ere, langileak, aurrera egiteko asmoz, lan-baltzuak sortzen hasi ziren, eta iltze gorriari bezala heltzen zioten aukera berri horri. (…)

Gero eta maizago gertatzen ziren jabetza bertan behera uzten zuten kasuak, ez krisialdiagatik, zeren nahiko aldi ekonomiko onean ari baikara aspaldi honetan, baizik eta erretiroagatik edo ezintasunagatik eta abar. (…)

Eta ikusten genuen jabeak amaitutzat ematen bazuen bere lan-egoera erretiroa hartu nahi zuelako-edo eta horren ondorioz jabetza bertan behera uzten bazen, ba, beste bide batzuk bilatu behar zirela: langileen esku utzi zitekeen jabegoa, haiek baitziren interesatuenak enpresak aurrera jarrai zezan.

     Belaunaldi Erreleboaren Foroaren lehen zeregina jabea erretiroa hartzeko zorian zuten enpresak identifikatzea izan zen, baita arrazoiren batengatik (hurbileko ezintasunaren aitorpena) lan egiteari uztekotan zeuden jabeen enpresak ere. Horretarako, elkarrizketak egin zituzten sindikatuekin, garapen-agentziekin, enpresetatik gertu zeuden entitateekin… Eta saiatu ziren egoeraren mapa orokor bat egiten. Lehen identifikazio-fase horretan, enpresa- eta enpresari-mota asko aurkitu zituzten: 
 

 

 

1.- Familia-enpresa batzuek bokazioa dute hitzarmenak egiteko senideen artean, negozioak familiaren eskuetan jarrai zezan.

2.- Beste familia-enpresa batzuetan oraindik ez dago “erreleboaren premiaren kontzientziarik”. “Erreleboa planteatzeko egoeran” dagoen “enpresari lider bat” dute, baina ez daukate inolako asmorik haren oinordetzaz pentsatzeko.

3.- Zenbait familia-enpresatan, enpresariak badaki familia barruan ez dagoela konpromisorik negozioarekin jarraitzeko, eta oinordetza ziurtatu nahi du.

4.- Beste zenbait familia-enpresatan, kezka dute oinordetzaren arazoa konpontzeko.

     Proiektuak izaera esperimentatzailea zuenez, foroak erabaki zuen 3. eta 4. motetako enpresekin jardutea; izan ere, haren iritziz, enpresa horietan bizkorrago eta modu eraginkorragoan lortuko ziren emaitzak. Enpresa horiek bilatu eta detektatu ondoren, bilera bana egin zuten guztiekin: 

 


Bilera guztiak jabeekin egin ziren. Lehen bileretan gure mezua jakinarazi genien, eta hortik aurrera hasi ginen hitz egiten (denak/zati bat/zuzendaritza, enpresa bakoitzaren arabera) benetan posible ote zen langileek enpresaren jabegoa beren esku hartzea. Hasiera batean, normala den bezala, enpresariak bere errezeloen berri ematen zigun. (…) Baina behin enpresariak arazo horiek gainditurik, bigarren faseari ekiten genion: langileekiko bilerak. Lehen saioetan, langileek nolabaiteko harriduraz erreakzionatzen zuten hasieran. Elkarrengana hurbiltzeko eta sentsibilizatzeko bilerak izan dira, eta dira gaur egun ere. Saio horietan ahaleginak egiten ditugu langileek uler dezaten haiek gai direla enpresaren jabegoa beren esku hartzeko.

     Enpresaren batek jadanik amaitu du transmisio-prozesu osoa, eta horrek aukera eman du Errelebo Planaren eredu bat lantzeko. Planak hiru zati hauek eduki behar ditu: alderdi ekonomiko-finantzario bat, langileei emango zaien formazioa eta sozietate-kontratu bat. Langileen formazioak oinarrizko arlo hauek hartzen ditu: filosofia, zuzenbidea eta ekonomia. Sozietate-kontratuari dagokionez, berriz, dokumentu juridiko bat da, enpresa bakoitzaren Batzar Orokorrari aurkezten zaiona, onar dezan. Eta alderdi ekonomiko-finantzarioak zeregin hauek eskatzen ditu:    

 

 


1.- Diagnostikoa eta bideragarritasun-plana egitea.

2.- Transmisio-plana aurkeztea, onartua izan dadin: negozio-plana eta enpresa-oinordetzaren testuingurua.

3.- Enpresa-oinordetzaren talde sustatzaileari Sozietatean parte hartzeko betebeharrak aurkeztea.

4.- Sozietate-oinordetza prestatu eta alderdi guztiekin negoziatzea.

5.- Enpresa-/Sozietate-oinordetza gauzatzea.

     Belaunaldi Erreleboaren Foro honen eginkizun nagusia modua bilatzea da enpresa batek bizirik jarrai dezan eta jabetzaren oinordetza ziurta dadin. Baina zeregin hori mugatzen da enpresari konponbidearen lehen urratsak ematen laguntzera; izan ere, lan horrek jarraikortasun eta ardura handiak eskatzen ditu. Horregatik, behin lehen urratsak emanda daudenean, enpresak berak eman beharko dio jarraipena hasitako lanari: berak erabakiko du zer norabidetan ibili eta bidearen etapak zein izango diren. 
 

Guk lanean jarraitzen dugu. Hau da, foroarekin izandako lehen kontaktu horien ondorioz jaio diren proiektuak lantzen ari gara.

     Foro guztietan erabaki dute, nola edo hala, lanean jarraitzea hasieran finkatu zen epea amaitu ondorenean ere. Batzuetan, erakunde sustatzaileak bakarrik erakutsi du gaiarekin segitzeko asmoa. Baina kasu gehienetan foro osoa izan da bilerak egiten jarraitzeko erabakia hartu duena. Eta zenbaitetan, Bergara Foroan esate baterako, hazi egin da foroaren partaidetza; izan ere, foroaren funtzionamenduak berak azpi-foroak sortzera eraman ditu, gai zehatzagoak tratatzeko aukera edukitzearren; Miguel Altunak Institutuak bere burua aurkeztu zuen azpi-foro horiek dinamizatzeko. Hala, azpi-foro bat sortu zuten merkaturatzeari buruzkoa, zeinetan parte hartzen baitute hainbat enpresatako salmenta-buruek; eta beste azpi-foro bat giza baliabideen zuzendaritzek eratu dute: 

Hura bukatu zenean, jendeak hala zioen: “Amaitu dugu, hemendik aurrera ezer ez!”. Baina guk jakin nahi dugu. Guk lanean jarraitu nahi badugu, inork ez digu galarazten arazo bera dugun lau enpresak biltzen jarraitzea, edozein delarik arazoa: materiala, pertsonak… Eta horrela, gure artean, enpresa barruan gai horiek lantzen dituen jendearen artean, lankidetzan jarrai dezakegu eta hala egoera hobetu.

Azpi-foro batzuk eratu ditugu. Adibidez, ezagutzaren kudeaketaren barruan, premia ikusten genuen komunikazioaren esparrua lantzeko. Eta pentsatu genuen: nor ibiltzen da arlo horretan? Ba, giza baliabideetakoak. Eta orduan, giza baliabideetakoek azpi-foro bat sortu dute. Jadanik egina dute bilera bat. Beraz, foroak aurrera jarraitzen du. Eta jarraitzen du batere laguntzarik gabe, jarraitzen du honek merezi duela ikusi dugulako.

Beste azpi-foro bat ere sortu dugu: erosketena. Izan ere, gaur egun, erronka handia dugu aurrera begira: Ekialdeko herrialdeen eta Txinaren gaiari aurre egitea. Ideia-jasa egiten denean, gai asko ateratzen dira. Eta bada gai bat oso garrantzitsua: materiala. Jakina, zeren ni ari baldin banaiz hasierako materiala garestiago ordaintzen Txinako produktu amaitua baino, ba ezin dut. Orduan, hasieratik hasi beharko dut. Lehenbizi, material merkeagoa lortu beharko dut eta kontuak egin: zenbat balio du lanak, zein da geratzen zaigun marjina… Horregatik eratu genuen beste azpi-foro bat.

     Foro honek, eta baita azpi-foroek ere, bilerak egiten jarraitzen dute gaur egun: 



Nire ustez, garrantzitsuena hortik atera dena da. Foro honetan parte hartu dugun pertsona guztiek ulertu dugu, aho batez, lan bat amaitu dugula eta txostena idatzi dugula Foru Aldundiari emateko, baina ez daukagula gogorik foroari amaiera emateko. Niretzat, hori da garrantzitsuena, jarraitzeko gogoa dagoela. Eta ez bakarrik hasi ginen mailan lanean jarraitzeko, baizik eta sakontzeko.

      Gainera, foro honek beste erabaki bat hartu du bere jarraipena ziurtatzeko: Berrikuntzaren inguruko Jardunaldiak antolatzea: 



Orain, berrikuntzaren gaia landu nahi dugu, zer den berriztatzea, eta abar. Harremanetan gaude lehen foroan jardun duten bi pertsonarekin: jardunaldi batzuk antolatu nahi ditugu berrikuntzari buruz hitz egiteko hemen, areto nagusian. Hasieran, foroko 8 edo 10 pertsonek parte hartuko dute, baina aurrerantzean asmoa daukagu Bergarara eta eskualde osora zabaltzeko.

     Eraberritu Foroan, gaur egun, enpresa pilotuek beren hobekuntza-planak ezarri dituzte. Hauek dira Foroaren aurreikuspenak: 


Saio hauetan, alegia esperientzia pilotu honetan, parte hartu duten enpresa guztiek parteka ditzatela bai ebaluaziotik bai praktika onenetatik sortu diren esperientziak. (…) Aurkezpen publikoagoa egiteko asmoa dugu, ikus dadin nola ezarri den eredu hori enpresetan eta zer emaitza eman dituen.



Guk lanean jarraituko dugu; are gehiago, eredua kontrastatuko dugu enpresa-talde handiago batekin. Ikusten genuen, beharbada, praktika on horiek parteka genitzakeela enpresa-talde handiago batekin. 25-30 bat enpresa izango dira, eta ez hasieran definitu genuen talde txiki hura. Hemendik aurrera talde handiago batekin jardungo dugu, eta hortik aterako dira gure sektorearen praktika onak.

     Gainera, jarraipen-lan hori ez da mugatuko eredua kontrastatzera. Batetik, ikusi dute erakunde nagusien arteko sinergiak oso ondo funtzionatu duela. Bestetik, kontuan hartu behar da Eraberritu Foruaren hasierako asmoa ez zela deialdi bakar batean gauzatzeko moduko proiektu bat bilatzea; aitzitik, gizartearentzat onuragarria gertatuko zen zerbait bilatu nahi zuen, erreferentzia-eredu bat-edo. Eta orain erabaki dute eredu hori nazioko zein nazioarteko beste enpresa batzuei aurkeztea. Haien ustez, orain arte egindakoak balio izan du hasiera emateko hiru erakunde nagusien arteko harremanari; baina etorkizunari begira, jarraipen-planteamendu bat egin nahi dute ikerlerro horretan, eta horretarako denen artean osatutako sareak baliatu nahi dituzte. 

     Getkei Foroak bestela ulertzen du jarraipena. Ikerketa-proiektu honetan metodologia berri bat sortu zen, beste enpresa txiki batzuek erabiltzeko modukoa, hau da, beste batzuek jarraipena emateko modukoa. Eta gainera, Foruak hainbat aholku eman zizkien enpresa horiei bost kudeaketa-esparruren inguruan, izugarrizko garrantzia izango dutenak enpresen etorkizunean. Dena dela, begira zer dioen erakunde sustatzaileak gai honi buruz:

     

 


Guri gustatuko litzaiguke harantzago doan jarraipena ematea lanari, baina gure zeregina ikertzea zen. Guk ikerlana egin genuen enpresa horiekin, eta haiek zerbait jaso zuten trukean, eta nire ustez, pozik geratu dira egindako transakzioarekin. Inoiz ez diegu besterik agindu. Nik hitz egin dut haiekin, eta gauza bera diote guztiek: “Zuek bete duzue hitza, orain gure esku dago hau gauzatzea edo ez”. Galdetu, bestela, 10 partaideei nahi baduzu. Aurrerago joatea ez zegoen proiektuaren hasierako asmoetan. (…) Zerbait gehiago egin nahiko bagenu enpresa horien mesedetan, beste programa bat abiarazi beharko litzateke, beste modu bat bilatu. Hau ikerketa-gaia zen, eta hor utzi behar da.

      Aurrerago esan dugun bezala, batzuetan erakunde sustatzailea da Foroaren helburuei jarraipena emateko premia ikusten duen bakarra: 



Etorkizunari begira, pentsatzen ari gara hainbat proiektu egitea partaidetzari buruz. Hori izan da irteteko pistola-tiroa. Gai zehatzak identifikatu eta jorratzen saiatu nahi dugu, berrikuntzan parte hartzearen gaia esate baterako. (…) Orain ahaleginak egingo ditugu gauza zehatzak lantzeko zerbaitetan diharduten edo interesa erakusten duten enpresekin. Ikusarazi nahi diegu hobekuntza horrek aurrera egiten lagunduko diela.


Guk bokazioa dugu gai hauek lantzen jarraitzeko. Adibide bat jartzearren, esango dizut Bizkaian ere antzeko zerbait egitekotan garela, han ere kezka handia baitute ildo horretatik. Lan hau Gipuzkoako enpresekin bakarrik egin da, baina irailetik aurrera, baliteke ekimenen bat abiaraztea hemendik kanpo ere.

Beste kasu batzuetan, partaideen artean erabaki dute jarraipena ematea. Hala gertatu da Kudeaketako Berrikuntzaren Foroan. Amaitutzat eman zen Foroa, baina partaideek jarraitzea erabaki zuten:


Gaur egun ere mantentzen ari gara foroan egin genituen kontaktu batzuk. Eta gainera, foroaren ondorioz, areagotu egin dugu lankidetza. Adibide zehatza emango dizut: harremanetan jarri gara gure iritziz merkatu interesgarria duen enpresa batekin, eta merkataritza-harremanak ere egin ditugu harekin.

     Amaitzeko, Goierri Foroak gaur egun asmoa dauka ekintza batzuk martxan jartzeko, lankidetza-prozesuaren emaitza direnak. Helburu bikoitza dute: batetik, aztertu eta baloratzea ekintza horiek ondo bideratzen ari ote diren edo gauzak bestela egin behar ote diren; eta bestetik, ekintza berriak proposatzea, modu horretara aurrea hartuko baitzaie eskualdean zein munduan gertatzear diren aldaketei. Horregatik, bilerak egiten jarraitu dute 2006. urtean, urte-hasieran proposatzen zen bezala: 



Proiektu honen bitartez hasitako prozesua, partaide guztien iritziz, oso garrantzitsua da Goierriko eskualdearen etorkizunerako. Eta horregatik uste dugu iraunkortasuna eman behar zaiola lanari. Alde horretatik, proposatu dugu proiektuaren segimendua egitea: lan-taldeak eta organo aholku-emaileak bilerak egingo dituzte lau hilean behin, ebaluatzeko nola doazen burutzen ari diren ekintzak eta ekintza berriak proposatzeko etorkizunari begira.

     Laburbiltzeko, foro hauek guztiek etorkizunean jarria dute begirada, eta zalantzarik ez dago denek sinatuko lituzketela ondorengo hitz hauek: 



Ekintzailetza- eta berrikuntza-proiektu honek prozesu iraunkor bat ekarri digu. Eskualdeko enpresak lehiakorrak izatea nahi badugu, formula bat bilatu behar dugu gogoeta-akzioa-gogoeta prozesua etengabe eman dadin berriztatzaileak izateko premiaren inguruan. Hala jokatuz gero, geuk eraikiko dugu nahi dugun etorkizuna, eta ez gara mugatuko datorkiguna pairatzera.

(jarraituko du) 


www.gipuzkoaemprendedora.net

 

Izenburua: FOROAK BERRIKUNTZARAKO ETA EKINTZAILETZARAKO. GIPUZKOA
© copyright.- Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentua. Gipuzkoako Foru Aldundia.
Data: 2007 Urtea
Egilea :Farapi S.L, Miren Urquijo.
Itzulpena: Julia Marin, Itzulidatz lan-taldea S.L.
Diseinu grafikoa: Q2k

 

 





PDFa deskargatu